Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak hainbat jarduera prestatu ditu Europako Hondakinen Prebentziorako astearen baitan

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 23a, 14:00
Aurten 'Hondakinen Prebentzioari Buruzko Europako Astea' azaroaren 21etik 29ra eginen da Bortzirietan.

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen harirat, Bortzirietako Mankomunitateak, Nafarroako Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoarekin eta Bortzirietako ikastetxeekin batera, hainbat jarduera antolatu ditu, herritarrak hondakinen sorrera murriztearen garrantziaz ohartarazteko.

Kanpaina ikasleekin hondakin guttiago sortzearen garrantziaz ohartarazteko

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak eginen duen kanpaina hau, Nafarroako Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoarekin eta eskualdeko ikastetxeekin batera gauzatuko du. Dagoeneko hitzartu dituzte jardueren artean, Ricardo Baroja ikastetxeko ikasleek Alkaiagako industrialdean dagoen Garbigunea bisitatuko dute. Bertan, zer hondakin mota biltzen den eta Mankomunitateak hondakin horiekin zer kudeaketa egiten duen ikusiko dute. Gainera, bisitaren ondotik, kantinplora bat jasoko dute, erabilera bakarreko plastikozko botilen hondakinak murriztea sustatzeko.

Eta ez hori bakarrik. Berako Toki Ona Institutuak erabilera bakarreko plastikoak murrizteko lan eginen du, ikasleak eta senideak arazo honekin sentsibilizatzeko. Cristina Enea Fundazioak proposatutako jarduera da, eta hamaiketakoa eramateko bilgarri berrerabilgarriak erabiltzea sustatuko dute.

Garbigunea Alkaiagako industrialdean dago (Zubiondo jatetxearen parean). Ordutegia astelehenetik ortziralera 12:00-15:00 da.

Karrikan utzitako traste handiak eta altzari zaharrak

Karrikan utzitako traste handiek eta altzari zaharrek gure herrien irudia kaltetzen duen zikinkeria-irudi bat sortzen dute. Gainera, hondatu egiten dira eta, ezinbertzean, hondakin bihurtzen dira. Horregatik, Mankomunitateak kanpaina berri bat eginen du, herritarrei gogorarazteko horrelako objektuak Garbigunearen edo atez ateko bilketa-zerbitzuaren bidez kudeatu behar direla. Horrela, gure herrien estetika hobetuko da, eta objektu horiek egoera onean berrerabili edo birziklatu ahal izanen dira.

Doako bilketa zerbitzurako 672 04 57 34 zenbakira deitu behar da.

Musuko berrerabilgarriak

Nafarroako Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoarekin lankidetzan, maskara berrerabilgarriak banatuko dira Garbigunera hondakinak botatzera joaten diren herritarren artean.

Materia organikoari buruzko jardunaldia

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoak antolatuta, Bortzirietako Mankomunitateak materia organikoaren kudeaketari buruzko jardunaldi batean parte hartuko du datorren ortzegunean, azaroaren 26an. Jardunaldi horreta, Bortzirietan azken urteetan hartu diren neurriak eta abian jarri diren zerbitzuak azalduko dituzte Mankomunitateko teknikariek, baita mota horretako hondakinen kudeaketan lortu diren lorpenak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun