Mugikortasun Planaren aurkezpena egin du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 20a, 11:00
Ladis Satrustegi alkatea, LUA arkitektura bulegoko Igor Lopez de Uralde eta Hiritik At kooperatibako Ainhoa Retegi eta Mikel Valero, aurkezpenean.

Herritarren kezkak eta iritziak bildu ondotik osatu da eta oinezkoei lehentasuna eman nahi zaie erdigunean

Mugikortasun planaren aurkezpena egin du Lesakako Udalak, azaroaren 19an Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan burututako ekitaldi jendetsuan. Bertan, urte honetan zehar egin den mugikortasun planaren emaitzez gain, hurrengo urtean Lesakako Udalak mugikortasun arloan egingo dituen inbertsioak aurkeztu zituzten Ladis Satrustegi alkateak eta Iban Garro zinegotziak. Beraiekin batera, Hiritik At Kooperatibako Ainhoa Retegik eta Mikel Valerok, eta LUA arkitektura bulegoko Igor Lopez de Uralde arkitektoak eman zuten datozen urterako aurreikusiak diren asmoen berri. Gaiaren interesak bultzatuta lesakar aunitz bildu zen Kultur Etxean.

Ladis Satrustegi alkateak aipatu zuenez, Mugikortasun Planaren helburua «hurrengo urteetan Lesakan mugikortasunaren inguruan eginen diren esku-hartze eta egitasmoen plana definitzea da, irizpide jasangarri eta inklusiboak erdigunean ezarrita». Horretaz gain, «gaur egungo mugikortasun behar eta moduen inguruan hausnartzea, inklusibitatea eta perspektiba lantzea, mugikortasun jasangarri bateranzko bidea definitzea, oinezko eta bizikleten bide seguruak ezartzea, kontzientziazioa eta gaiarekiko sentsibilizazioa sustatzea, udalaren egitasmo berriak herritarrei helarazi eta beraien iritziak jasotzea eta herritarren partaidetza sustatzea» dira Herriko Etxearen asmoak.

Ladis Satrustegi alkatea, Mugikortasun Planaren aurkezpenean.

 

Lesakako Udalak apustu handia egin duela azpimarratu zuen, baina helburuak betetzeko herritarren konpromisoa nahitaezkoa dela gogorarazi zuen, «gutako bakoitzak ohitura aldaketa batzuk egin beharko ditu, benetan Lesaka hobe bat egin nahi badugu».

Ekitaldiaren akabailan herritarren galderak, kezkak eta zalantzak ere argitu zituzten eta informazioa laster paratuko dute udalaren webgunean.

 

Oinezkoei lehentasuna ematea eskatu dute herritarrek galdetegi eta bileretan

Hiritik At kooperatibako Mikel Valerok aipatu zuenez, udalaren, adin eta egoera ezberdinetako herritarren, gizarte eragileen, ikastetxeen eta elkarteen iritziak bildu dituzte lanari ekiteko eta lanketa horretatik abiatu da Hiritik At kooperatibak egindako proposamena.

Diagnostikoari dagokionez, galdetegien emaitzetan garbi ageri da herritarren gehiengoa herrigunean oinezkoei lehentasuna ematearen alde dagoela, gaur egun ez baita horrela. Espaloien egoera ere kezka-iturri da, zenbait lekutan estuegiak direlako, koxka handiarekin, zenbait puntutan eten egiten dira eta ez daudelako material egokiarekin eginak. Espaloiak zabaltzea eta irisgarritasuna errazteko koxkak jaustea eskatzen du herritarren gehiengoak. Bizikleta garraio-bide modura erabiltzeko ohitura handirik ere ez dagoela ikusi da erantzunetan. Ibiltzen denean, bere erabilera ez dagoela ongi arautua uste dute herritarrek, eta horrek «bizikleta, oinezko eta motordun ibilgailuen arteko elkarbizitza arazoak eragiten dituela zenbaitetan».

Planaren inguruko azalpenak eman zituzten udal ordezkariek eta teknikariek.

 

Aparkalekuen arazoari dagokionez, bisitarien kasuan, «nolabait herrigunetik kanpo kotxea uztea eta herrian oinez ibiltzea» lortu behar dela uste dute. Aparkatzeko debekuak ez direla errespetatzen eta hori arautu eta konpondu behar dela ere aipatu dute herritarrek.

Kotxean ibiltzeko ohitura handia dela ere onartzen dute herritarrek eta «hori kontzientziazioaren bidez gutxitzen saiatu behar da, herriguneko gehienezko abiadura murriztea…». Erosketak egin ahal izateko, komertzioak kaltetuak ez ateratzeko, denbora mugaturako aparkalekuak ere eskatu zituzten.

Ainhoa Retegik, prozesu parte-hartzaile horretan jasotako proposamenen berri eman zuen. Udalari lehentasunak markatzea eskatu zioten eta mugikortasun plana hiru elementuren arabera antolatu dute. «Mugikortasun eredua aldatu nahi badugu, mugikortasun jasangararri baten bidean, herria egokitu behar da, zenbait gauza arautzea beharrezkoa da eta herritarrak ere inplikatu behar dira eta hori lortzeko sentsibilizazio kanpainak jarri behar dira martxan», aipatu zuen.

 

Herria nola egokitu

Lesaka hiru geruzatan banatu dute horretarako. «Kanpoko aldea, orokorrean mundu guziarentzat irisgarria izatea bilatu behar dugu, mugitzeko erosoa eta bideek ez dutela oztoporik edo etenik izan behar; erdigunetik hurbilago dagoen bigarren geruzan, motordun ibilgaiuei ematen zaien espazioa eta oinezkoei ematen zaiena berdindua egon behar du eta Lesakako bihotzean, plaza, jubilatuen egoitza eta Zabaleta dorrearen inguruak mugatzen duten eremu horretan oinezkoek izan behar dute lehentasunik handiena».

Kanpoko geruzan zenbait aldaketa proposatzen ditu planak: espaloiak zabaltzea eta zenbait kasutan berriak egitea, jarraitasuna mantentzea, zola egoki batekin, koxkarik gabe… Zenbait puntutan ibilgailuak espaloian uzten direnez, piboteak jartzea ere proposatu dute. Zebrabidetan argiztapen berezia jartzea eta kotxeen abiadura orduko 30 kilometrora murrizteko neurriak hartzea.

Bigarren geruzan, oinezkoei eta motordun ibilgailuei bideratutako espazioa berdintzeko proposamenak egiten ditu, oztopo arkitektonikoak kentzeko galtzada guzia kota berdinean jartzea, zola bateratuarekin, ahal den neurrian ibilgailuentzako norabide bakarrekoak izatea eta kotxeentzako espazio minimoa uztea, oinezkoentzako handitzeko.

Herriguneko geruza oinezkoentzako lehentasuneko eremua izatea proposatzen du planak. Bizikletentzako aparkaleku gehiago jartzea. Lehendik lesakarrek erabiltzen dituzten ibilbideak egokitzea ere aipatzen da, esertzeko lekuekin, argiekin, iturriekin…

Aparkalekuak dinamikoagoak izatea ere proposatu du planak eta karga-deskargarako eremuak ere egokitzea. Hori arautu beharko litzateke.

Oinezkoen eta ibilgailuen arteko espazioak material ezberdinarekin mugatu

LUA arkitektura bulegoko Igor Lopez de Uraldek herrigunerako proposamen zehatza ere aurkeztu zuen: «Lesaka, herri oso polita den neurrian, eraikuntzen eta espazio publikoen arteko oreka egokia duela» azpimarratu zuen eta «materialen arteko harremana ongi landua dago eta proportzionaltasun hori mantendu nahi dugu. Gure proposamena da materialaren erabilerarekin arautzea ibilgailu eta oinezkoen arteko harremana, esatea nondik joan behar duten ibilgailuek eta nondik oinezkoek, horretarako testura ezberdineko materiala erabiliz, ibilgailuentzako adokin ttikiagoa, abiadura murrizteko eta oinezkoentzako losa handiagoa, erosoago ibiltzeko, baina altuera berean». Plaza ingurua, Zabaleta dorrearen ingurua eta Alondegira bitarteko eremu horretan eginen liratekeen lanak agertu zituen, argazkien bidez.

Herrigunea eta trenbidearen arteko lotura ere martxan dagoela gogoratu zuen Ladis Satrustegi alkateak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun