Eguberrietako oporraldian Haur Txokoa eskainiko dute Bortzirietan aurtengoan ere

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 19a, 20:00
Ludoteka osasun egoeraren araudiari baldintzatua egonen da.

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatuta, abenduaren 2ra arte eman daiteke izena

Eguberrietan, familiei kontziliazioa errazteko asmoarekin, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen bidez, 3 eta 12 urte arteko neska-mutikoei zuzendutako Haur Txoko edo ludoteka zerbitzua eskainiko dute Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra (biak barne). Izen-ematea abenduaren 2ra arte egin daiteke, 20 euroko kuota ordainduz. 

Etxalarren eta Beran abenduaren 31n izanen dute besta eguna. Arantzako eskolan, Etxalarko Eskola zaharrean, Igantziko Barazarrean, Lesakako erabilera anitzeko aretoan (Koskontako bidea 7 - 2.) eta Berako Beralandetan eskainiko dute Haur Txokoa, 10:00etatik 13:0etara.

Izen-ematea Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko 948 63 50 36 telefonora deituz edo info@bortziriakgz.eus helbide elektronikora idatziz egin daiteke abenduaren 2ra bitarte, 20 euroko kuota ordainduta.

Zer da Haur Txokoa edo Ludoteka?

Haur Txokoa, haurrek denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat da, solidaritatean eta berdintasunean oinarritzen dena. Bidenabar, zerbitzu honen bitartez, gurasoei aukera ematen diete seme-alaben heziketa bateratu ahal izateko euren lanarekin edo denbora librearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun