Toki Ona Institutuko patioan estalpea egiteko 420.000 euro aurreikusi dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 19a, 19:00
Gaur egun, Berako Toki Ona Institutuko patioak ez du inolako estalperik.

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk sinatutako aurrekontu akordioan, Toki Ona Institutuko patioan estalpea egiteko diru-kopuru bat aurreikusi dute. Zehazki, 420.000 euro bideratuko dituzte eginkizun honetarako 2021eko aurrekontuetan.

Aitor Elexpuruk, Berako alkateak, azaldu duenez, «egun, Toki Ona institutuak 521 ikasle ditu eta 53 urteko ibilbidean ikasleak egoteko estalperik ez da egin». Hori horrela, egun euritsuetan ikasleek patiora ateratzeko aukerarik izaten ez dutela salatu du eta, gehienetan, «ikasgeletan gelditu behar izaten dute bertze instalaziorik ez dutelako». «Orain bizi dugun pandemiak, lehendik datorren egoera honen larritasuna areagotu egin du» gaineratu du.

Estalpe hau, Toki Ona Institutuko ikasleez gain, herritar guztiek erabiltzeko izanen dela zehaztu du, «aisialdirako, kirola egiteko, merkatuak edota bertze edozein ekitaldi egiteko». Era berean, estalpe honek herriak duen «gabezia» asetzeko balioko luke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun