Urak handitzean arazorik ez izateko, Iparraldeko Ur Konfederazioak Etxalarko hiru errekatan erorita zeuden zuhaitzak kendu ditu

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 14a, 16:00
Zumeldiko errekaren bazterretan zeuden sastrakak eta hainbat zuhaitz kendu dituzte.

Iparraldeko Ur Konfederazioak hainbat hobekuntza egin ditu Etxalarko erreketan. Gehien batean, ubidera eroritako edo erortzeko arriskuan zeuden zuhaitzak kendu dituzte Tximista errekan, Zumeldiko errekan eta herritik Lizarieta aldera doan errekan. Garbitze-lan horiek egiteko 19.000 euro inguru inbertitu dituzte.

Hala, Tximista errekan, Latsabetik goiti Burdinolan, Urritzokieta auzoan Sanduineko bordaren inguruan eta gero Orizki aldera Olazarrea inguruan tamaina handiko platanoak bota eta kendu dituzte. Zuhaitzak errekara eroriak edo erortzeko arriskua zuten eta, beraz, buxadura edo tapoi bat egin eta sekzio hidraulikoa murrizteko arriskua agerikoa zen.

Zumeldiko errekan, N-121-A errepide zaharraren ondoko ubide azpitik gora, errekaren bazterretan zeuden sastrakak eta hainbat zuhaitz kendu dituzte, ubideari sekzio hidrauliko handiagoa emateko eta pasabidea itotzeko aukera murrizteko.

Hirugarren hobekuntza-puntua herritik Lizarietara doan errepide bazterreko errekan egin dute. Hor ere errekan zeuden buxadurak kendu dituzte, sastrakak garbitu eta errekara erorita edo erdi erorita zeuden zuhaitzak bota eta kendu dituzte. Bidenabar, errepidera erortzeko arriskuan edota telefono-linearen gainean zeuden zuhaitzak ere kendu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun