Arlo guzietan gertatu bezala, aurtengo Berako Kafe Antzerki Zikloan ere nabarituko dira Covid-19 pandemiak eragindako osasun larrialdiaren ondorioak. Halere, Euskara Batzordeak antzerki zikloari eustea erabaki du, aldaketa nabarmen bat eginda: emanaldiak ez dira herriko ostatuetan eginen, kultur etxeko areto handian baizik. Horrez gain, edukiera mugatua izanen da eta emanaldiaren unean ezarriak dauden osasun neurriak eta jende kopuruak errespetatuko dituzte.
'ZuTuberrak'
Lehena, azaroaren 22an izanen da, igandearekin, 18:00etan. Eidabe Taldeak ZuTuberrak antzezlana eskainiko du. Antzezlan lau, batez ere publiko gazteari (10-14 urte bitartekoei) zuzendua da.
Protagonistak Bits eta Gor gazte alai eta aktiboak dira. Txip aldaketetan jostetan ariko dira: robotak bailiran, burmuinean txip berria sartuz, bakoitzak bere gogoko dohaina aukeratuko du. Gorrek indarra hautatuko du. Bitsek, aldiz, hitzak aukeratuko ditu eta, hitzei esker, trebetasun handia izanen du rap kantari gisa. Ondorioz, sekulako arrakasta izanen du sarean, YouTuben, hain zuzen ere. Gorrek, inbidiak jota, hitzak gordetzen dituen txipa ezabatuko dio Bitsi. Orduan honek ezin izanen du rapeatu, hitzik gabe galduta baitago.
Antzezlan honek hizkuntza ezabatuko baligute gertatuko zenaz gogoeta egitera gonbidatuko ditu gaztetxoak. Erritmo bizia, zuzeneko irudiak, bideoak eta rap musikaz zipriztindutako antzezlana da. Aktore lanetan Olatz Pagaldai, Jon Zubiaga eta Urko Olazabal ariko dira.
'Ez dok hiru akustikoa'
Azaroaren 29an, igandearekin, 18:00etan, Tartean Teatroak Ez dok hiru akustikoa eskainiko du kultur etxean. Euskal musikaren imajinario kolektiboan murgilduko duen ikuskizuna da, Euskal Herriko kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala.
Taldearen ezaugarri nabarmenena sorkuntza da, taldeko kideek sortutako testu eta ideiekin eraikitzen baita ikuskizuna. Konpainiak euskal kultura eta antzerkiaren aldeko apostu garbia egiten du, eta ahalegin hori aintzat hartua izan da. Hainbat sari irabazi dituzte azken urte hauetan, tartean 2012an Patxo Telleria eta Jokin Oregik lortutako Max saria euskarazko testu onenari.
Aktoreen moduko ikuskizuna da, eroa, deskonzertantea, irrigarria azalez… Aktore lanetan Patxo Telleria, Mikel Martinez eta Adrian Garcia de los Ojos ariko dira.
Sarrerak
Sarrerak hiru euroren truke emanaldiaren egun berean kultur etxeko lehiatilan erosi ahal izanen dira, 17:00etatik aitzinera. Ikusle bakoitzak gehienez ere lau sarrera erosteko aukera izanen du, eta edukiera mugatuko dute.