Igantziko Udalak eta Uraren Bailarak Bidasoko natura bideak egokitu dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 12a, 17:00
Urriaren 26tik azaroaren 13ra bitarte, Uraren Bailarak osatzen dutenĀ udalek Bidasoko Bide Berdearen egokitzapen, seinaleztapen eta segurtasuna hobetzeko lanei heldu diete.

Nafarroako Gobernua, Tokiko Agenda 21aren dirulaguntzarekin, Uraren Bailarak Bidasoko Bide Berdearen zati baten hobekuntza-lanak egiten hasi da.

Alde batetik, Uraren Bailarak, Igantziko Udalaren laguntzarekin, Bidasoko Bide Berdea hobetzeaz arduratu da, Igantziko Berrizaundik eta Sunbillako Larrakaitz tunelaren arteko tartean. Tarte horretan arekak eta sakanguneak egin dituzte, euriteekin bideak ez hondatzeko. Lanak egiteko, bidea oinezkoei eta txirrindulariei itxi zitzaien azaroaren 8ra arte. Autoei dagokienez, murrizketek azaroaren 13ra arte iraunen dute.

Gainera, Igantziko Udalak herritik San Juan Xarrera doan bidearen seinaleztapena hobetu du, eta, bide batez, haren segurtasuna; lehendik zegoen zubi txiki bat egokitu du eta segurtasun-baranda bat paratu du.

Bidasoko Bide Berdearen zatia egokitzeko lanen kostua 22.143,21 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuak % 70ean kofinantzatu du. Bertzalde, Igantziko Udalak San Juan Xarreko bidearen obrak finantzatu ditu, 9.371,61 euroko kostuarekin.

Obra horiekin natura-bide horien irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuko dira, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea gaituko da. Horrela, Bidasoko udalek beren ingurune natural aberatsaren jasangarritasunaren aldeko konpromisoa sendotu dute, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta turismo-proiektu osasungarri bat sendotzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun