Irantzu Etxebeste Iantzi

«Guztiontzako lekua dago eta denen beharra du esku pilotak»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 15a, 13:00

Esku pilota «berdintasunerako pausoak ematen eta hazten» ikusi nahiko luke Etxebestek.

Irantzu ETXEBESTE IANTZI, Berako pilotaria

Hogei urteko etenaren ondotik, joan den urtean berriz ere esku pilotan hastea erabaki zuen Irantzu Etxebestek. Ordutik, txapelketa batetik bertzera dabil.

Zelaian edo pilotalekuan, beti kirol munduan ibili izan da  Irantzu Etxebeste (Bera, 1987).  Futbolean hamasei bat urtez aritu zen; esku pilotan, berriz, haurtzarotik 12 urteak arte: «neskok ez genuen elkarren berri izaten eta esku pilotan emakumezkoentzat segidarik ez zegoenez utzi egin nuen...». Joan den urtean, «ezagun batzuk ari zirela ikusita» berriz takoak janztea eta «probatzea» erabaki zuen. Hasi bazen hasi, punta-puntan dabil: Master Cup txapelketan finalerdietaraino ailegatu zen eta Plazandreak saioan txapela jantzi zuen. Gustura dabil, eta halaxe segitu nahi du, «partidaz partida gozatuz eta nire maila emanez». Pausoz pauso, emakumezkoen pilota «hedatu eta loratzea» nahi luke eta, bide horretan, probatu nahi dutenei deia egin die: «herrietako pilota eskoletan eta Nafarroan biltzen garen pilotariokin entrenatzeko eta jokatzeko aukera duzue».

Futbolean ibili zinen. Noiz hasi zinen eta noiz arte aritu zinen?

Gazterik hasi nintzen, 10 urte ingururekin. Kontxa hondartzako txapelketan jokatzen genuen. Gerora, 15 bat urterekin, desagertzear zegoen talde hori eta Lesakako Beti Gaztera joan ginen Berako futbolari gazte andana. Zazpi edo zortzi denboraldi jokatu nituen eta hortik Oiartzungo futbol taldera egin nuen salto, bertze bortz denboraldiz aritu nintzen han. 26 urterekin bukatu nuen nire futbol ibilbidea. Futbolak jende aunitz ezagutzeko, lagunak egiteko eta esperientzia hagitz politak bizitzeko aukera eman dit. Lan eginez gero, aunitz hobetu daitekeela erakutsi dit. Hainbat mailatan ibili naiz eta denetan txapelketa bat edo bertze irabazteko zortea izan dugunez, sarien goxoa ere probatu dut. Oro har, egunerokoan kirola eginez gozatzeko aukera eman dit futbolak.

Futbolaren ondotik edo aitzinetik  probatu zenuen esku pilota?

Berez, pilotan futbolaren aitzinetik edo futbolarekin batera ibili naiz. Haurra nintzela, frontoian pilotan aritzen nintzen, baita txapelketetan ere, baina 12 urte ingururekin pilota uzteko erabakia hartu nuen. Futbolean segitu nuen. Orain, pilotara bueltatu naiz. Badira urte batzuk emakume pilotariak lehiatzen, bidea egiten, hasiak direla. Emakume pilotariak ikusita, joan den urtean probatzera animatu nintzen eta, nahiko ongi moldatu nintzenez,  aitzinera egitea erabaki nuen.

«Garai batean esku pilotak ez zuen segidarik emakumeentzat»

Nondik heldu zaizu baterako eta bertzerako zaletasuna?

Kirolerako zaletasuna etxetik jaso dudala erranen nuke. Kirola aunitz segitu dugu ttikitatik, bai futbola baita pilota ere. Eta denbora librean anaiekin eta lagunekin kirolean aritzen nintzen gehienetan, auzoko plazan edo eskolan.

Gazterik hasi zinen pilotan jokatzen... Hala ere, 12 urte zenituela utzi egin zenuen. Zure erabakia izan zen edo halabeharrez utzi behar izan zenuen?

Momentu horretan, mutilen eta nesken artean, indarrari dagokionez, aldea nabaritzen hasten da, eta ezinezkoa zen beraiekin lehiatzea. Hala ere, uste dut erabaki hori berez etorri zela. Pilotan ari ginen neskok ez genuen elkarren berririk eta garai horretan esku pilota munduak ez zuen segidarik guretzat. 

Emakume Master Cup txapelketan berriz ere zeure txokoa harrapatu duzu. Tartean, jokatzen segitu duzu?

Niretzako esperientzia berezia izan da, ilusio handia sortu didana. Ahal nuen heinean, nire ekarpena egin nahi nion kirol honi. Lehenbiziko txapelketaz

geroztik ez naiz gelditu eta txapelketak bata bertzearen gibeletik jokatzen ari naiz. Orain pilota goxotik pilota mistora saltoa egin dugu, eta pilotariok buru-belarri ari gara prestatzen, partida politak eskaintzeko asmoz.

Nola animatu zinen txapelketan izena ematera?

Ezagun batzuk nituen tartean dagoeneko pilotan ari zirenak, horiek ikusiz eta etxean familiakoek animatuta –beraien ustez jokatzeko gaitasuna banuelako– eman nuen izena. 20 urteren buruan pilotan hastea ez nuen erraza ikusten... Baina poliki-poliki eskua egitea lortu nuen eta lehenbiziko txapelketa horretan ederki disfrutatu nuen, inongo presiorik gabe.

Iaz jokatu zenuen lehenbiziko txapelketan final-laurdenetaraino ailegatu zinen… Nolako esperientzia izan zen?

Hagitz polita, sekulako giroa dago pilotarien artean. Txapelketako antolatzaileek apustu handia egiten dute emakumeen pilotaren alde eta hori nabaria da txapelketa egunetan ere. Eskertzekoa da. Ez nuen inolako itxaropenik, disfrutatzea bertzerik ez... Eta hori behintzat lortu nuen. 

Urte horietako etenaren ondotik, nolakoa izan zen frontoira buelta?

Pixkanaka hasi nintzen, frontisetik hurbil. Ez nekien gehiagora joanen ote nintzen baina aste batzuren buruan takoak ongi paratuta maila hobetu nuen. Hasieran pilota goxoarekin jokatzeko tako dezente behar izan nuen eta, eskuak egin ahala, pixkanaka kentzen joan nintzen. Inguruan laguntzaileak izan nituen, prestaketa egiteko, nirekin entrenatzeko, prest zeuden pilotariak eta hagitz eskertua nago, beraien hasierako bultzadak aunitz lagundu zidalako.

Master Cup txapelketarekin hasi zinen eta Plazandreak etorri zen ondotik… Telebistan presentzia lortzeko bertze urrats bat izan da?

Bai, dudarik gabe. Orain arte Master Cup txapelketako final- erdiak eta finalak telebistan eman dituzte, gainerako partidak ez ordea. Uda honetan, emakumezko pilotarien aldeko apustua egin dute, ortzegunero telebistan ikusgai egon gara. Guk ere aunitz egin dezakegula erakusteko eta ikusarazteko beharrezkoa izan da. Saio honek segida izatea albiste ona izanen litzateke.

Gartzarongoa izan da Etxebestek jokatu duen azken txapelketa.

Lehenbiziko edizioa eta garaipena. Nola bizi izan zenuen?

Plazandreak saioa ilusio handiz hartu genuen denok, pilotariok, antolatzaileek zein telebistako langileek. Lehenbiziko aldia zenez, urduritasuna nabaritu da, ongi egin nahiaren urduritasuna. Gauza politak ikusi direla eta gustagarria izan dela iruditzen zait. Niretzat pentsaezina zen horrelako saio bat eskaintzea. Are pentsaezinagoa bertan parte hartzeko aukera izatea. Gure taldeak lortu zuen txapela, lehenbiziko aldiz Bizkaia frontoian jokatu genuen final bat eta hantxe zeuden familia eta lagunak, beraz, kontent bizi izan nuen. Hemendik eskerrak bidali nahi dizkiet frontoietara lagundu didaten eta animatu nauten guztiei...

Berriz ere lau eta erdiko txapelketa hasia zen baina ezohiko egoeragatik eten egin dute...

Aurten lau eta erdiko txapelketa bi modalitatetan jokatzekoa zen, pilota mistoarekin eta pilota goxoarekin. Nik pilota mistoan izena emana nuen. Eskuak gogortasunera egiten ari gara, nahiz eta batzuetan eskuko minez entrenatzen dugun, gogoz ari gara. Txapelketa urrian hasi zen eta abenduan jokatzekoak ziren finalak. Hala ere, urriaren 25ean alarma egoera berrezartzearekin batera, partidak eten behar izan dira. Horren ordez binakako txapelketa bat antolatu dute eta telebistan ikusi ahal izanen da.

«Emakumezko pilotariak bigarren mailan ikusten dira»

Txapelketa honetarako zein zen zure erronka?

Hobetzen ari naizela ikusten dut eta nahiko ongi nabil, baina lehia guziak hagitz gogorrak izanen dira. Partidaz partida disfrutatzea eta pilotalekuan nire maila ematea nuen helburu. Horretarako aritzeko aukera behar...

Gero eta gehiago zarete emakumezko pilotariak edo ikusezin zena ikusgarri egitearen ondorio da?

Batetik, ikusgarritasunak aunitz eragiten duela erranen nuke, bertze pilotarien berri izateak norbanakoaren ilusioa pizten duelako. Eta bertzetik, azken urteetan pilota eskoletan emakumezko pilotariekin lan egiteak hauen segida bermatzen du. Horiek etorkizuneko pilotariak izanen dira. Azkenik, Emakume Master Cup eta antolatzen diren bertze txapelketa aunitzen eragin positiboa nabarmenduko nuke, pilotariek lehiatzeko eta plazaratzeko leku bat izateak eragin zuzena duelakoan nago.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Hedatzen eta loratzen ikusi nahiko nuke. Belaunaldi gazteek prestakuntza osoa izanen dute eta maila hagitz ona ikusiko dela iruditzen zait, orain dagoeneko pilotari batzuekin ikusten duguna. Hala ere, guztiontzako lekua dago eta denen beharra du esku pilotak. Berdintasunerako pausoak ematen eta hazten ikusi nahiko nuke etorkizunean.

Emakumezko erreferenteak falta direla aipatu izan duzu. Ondoko belaunaldiek izanen dituzte?

Geroz eta erreferente gehiago ikusten dira, ondoko belaunaldiek badituzte baina oraindik ere bigarren maila batean ikusten direla erranen nuke.

Motzean

Zeure burua hitz gutxitan.

Kirolaria, alaia eta ekintzailea.

Zure indargune bat?

Helburuak lortzen saiatzen naiz. 

Zer da esku pilota zuretzat?

Aunitz disfrutatzen dudan kirola.

Partida egunetan... maniarik?

Ez.

Banaka edo binaka?

Bietan gustura aritzen naiz, baina oraingoz banaka nahiago.

Pilotari bat?

Maite Ruiz de Larramendi. 

Aurkari gogorrena?

Lehiatu dudanen artean, Iera Agirre.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun