Pertsona bat atxilotu dute Beran 120 gramo speedekin

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 9a, 12:04
120 gramo speed antzeman zituen foruzaingoak Beran egindako kontrol batean.

Elizondoko komisaldegiko foruzainek berriki Errenteriako (Gipuzkoa) 45 urteko pertsona bat atxilotu dute Beran, droga-trafikoaren ustezko delitu bategatik.

23:00etatik 06:00etara etxeratzeko agindua betetzen dela zaintzeko egiten ari ziren kontrol batean, Zalaingo industrialde inguruan altoa eman zioten foruzainek ibilgailu bati. Laneko kontuetan ari zela adierazi zien gidariak, baina jarrera urduria eta zentzurik gabeko azalpenak ematen zituela ikusirik, foruzainek miatu egin zuten. Azaleko miaketan 15 gramo speed zituen poltsa bat harrapatu zioten eta ibilgailua sakonago miatuta, substantzia bereko bertze 105 gramo zituen bertze poltsa handiago bat topatu zuten. Une berean atxilotu eta Iruñera eraman zuten, diligentziekin segitzeko.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun