Oskar Manso gasteiztarrak irabazi du Beti Gazteko argazki lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 9a, 18:00

260 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara eta aurten, erakusketaren ordez, Instagramen erakutsiko dituzte

Aurten bakar-bakarrik emailez bidaltzeko aukera baldin bazegoen ere, guztira 260 argazki aurkeztu dituzte Lesakako Beti Gazte elkarteak antolatutako argazki lehiaketara, inoizko kopururik handiena. Jasone Telletxea, Itsaso Alkalde eta Ignacio Zaldua argazkilariek bete dituzte epaimahaiko lanak eta dagoeneko erabaki dute aurtengo saridunak zein diren.

Honela, lehenbiziko saria Gasteizera (Araba) joan da. Oskar Manso Navas argazkilariak eskuratuko du (375 euro eta trofeoa), ‘Ira’ lanarekin. Bigarren saria, 275 euro eta trofeoa, Beasaingo (Gipuzkoa) Manu Barreiro Rodriguezek jasoko du, ‘Liberación’ lanarekin.

Bertako argazkilari onenaren saria (225 euro eta trofeoa) Jone Otxoteko Maia lesakarrak jasoko du, ‘Atatxi’ lanarekin.

Kirol argazki onenaren sari berezia (225 euro eta trofeoa), berriz, Sant Boi de Llobregateko (Bartzelona) José Reyes Belzuncek hartuko du, ‘Futbol playero’ lanarekin.

Erakusketarik ez

Covid-19aren arazoa dela eta, azaroaren 8tik abenduaren 6ra aurreikusita zegoen erakusketa bertan behera utzi dute. Horren ordez, hurrengo egunetan Instagram bidez ikusi ahal izanen dira argazkiak (@betigaztelesaka).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun