Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak lehen aldiz antolatutako Iruñeko Bertsopaper lehiaketako sariak eman zituzten azaroaren 5ean, ortzegun arratsaldean, Nafarroako Antzerki Eskolan, 30. Bertsoaroa ekimenaren lehenengo emanaldian. Oholtza gainean izan ziren kantari 1991ko lehen Bertsoaaroan kantuan aritutako bi bertsolari, Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña, eta beraiekin batera, gaur egungo bi bertsolari nafar gazte, Sarai Robles eta Leitzako Joanen Illarregi. Aurkezten, berriz, 1991ko lehen Bertsoaroa aurkeztu zuen Mikel Taberna alkaiagarra eta azken urtetan Bertsoaroan hainbatetan ibilitako Alaitz Rekondo lesakarra.
Iruñeko Udalaren I. Bertso paper Lehiaketari dagokionez, guztira 24 lan aurkeztu dira, horietatik 17 helduen kategorian.
Epaimahaia Nerea Bruñok, Arkaitz Goikoetxeak eta Sustrai Colinak osatu dute. A kategorian 2007an edo ondotik jaiotakoek parte har zezaketen. Ekhi Rojo Rodriguez lesakarrak irabazi zuen lehen saria (150 euroko kultura-bonua), eta Iruñeko Ibai Letona Garaikoetxeak bigarren saria, 100 euroko kultura-bonua. Ekhi Rojok Garai arraro hauetan lana aurkeztu zuen, pandemiak eguneroko bizitzan eragin dituen aldaketei buruzko bertso-sorta.
B kategorian, 2003 eta 2006 artean jaiotakoei zuzenduta (biak barne),Barañaingo Beñat Astiz Isasik lortu du lehen saria, ‘Pieza akatsduna’ bertso-xortarengatik, eta Iruñeko Bittori Elizalde Sotok bigarren eta hirugarrena, ‘Emozioak’ eta ‘Barrualdea’ izeneko lanengatik..
C kategoria 2002an edo lehenago jaiotakoei zuzendua da. Lehen saria Iruñeko Saioa Alkaizak eskuratu zuen ‘Hiru pena mota’ lanarengatik, bigarrena Erika Lagoma Pombar lesakarrak ‘Alan Kurdiri’ bertso-xortarengatik eta hirugarrena Eneko Fernandez Maritxalar lesakarrak ‘Azken urratsa’ bertso-xortarengatik.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!