Berako Ekhiñe Zapiainek irabazi du Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 2a, 07:00
Ekhiñe Zapiain beratarra kantari ortziralean Etxarri Aranatzen, Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapela jantzi ondotik.

Etxarri Aranatzen jokatu zen ortziralean Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 34. edizioa, zazpi bertsolari gazterekin. Segurtasun neurri guztiak beteta egin zen saioa. Berako Ekhiñe Zapiainek jantzi zuen txapela, eta bigarren izan zen Iruñeko Bittori Elizalde; biak sailkatu dira Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketarako. Bertso onenaren saria Zapiainek berak eskuratu zuen.

Aforo mugatuan eta osasun prebentziorako neurri guztiak beteta jokatu zen Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 34.edizioa. Zazpi izan ziren bertsolari parte hartzaileak: Ainhoa Arrizabalaga (Iruñea), Amaia Lasheras (Barañain), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Eki Mateorena (Leitza), Ekhiñe Zapiain (Bera) eta Etxahun Azkarraga (Etxalar). Maider Ansak izan zuen saioa aurkeztu eta gaiak jartzeko ardura. Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Nerea Bruño aritu ziren epaile lanetan.

Gai orokorra emanda, lau oinak emanda, azken puntua emanda eta hitz bana emanda bertso bana kantatu ondotik, bi bertsolari pasa dira bigarren fasera: Bittori Elizalde eta Ekhiñe Zapiain. Bigarren fase honetan, zortziko handian ofizioan aritu ziren bi bertsolariak. Azkenik, kartzelako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta gaia emanda, bakarkan aritu ziren azkenik, bertso bana kantatuta.

Azkenean, Ekhiñe Zapiainek bildu zuen puntu gehien, eta honenbertzez, bera da Nafarroako Eskolarteko txapelduna. Berak eta txapeldunordeak, Bittori Elizaldek, ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Bertsolari beratarrak Julio Soto Nafarroako txapeldunaren eskutik jaso zuen txapela. Bertze sari bat ere izan zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, bertso onenarena. Kasu honetan, Ekhiñe Zapiainek berak irabazi zuen sari hori, zortziko handiko ofizioko bigarren bertsoagatik. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eman zion sari hori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun