Zein da egiten ari zareten lana?
Une honetan Igantziko udal artxiboa eguneratzen ari gara. Hau da, artxibo gelan dagoen informazioa antolatzen ari gara, edozein kontsulta eginez gero, informazioa azkar batean topatu ahal izateko.
Bertze nonbait ere aritu zarete?
Bai, Euskal Herrian zehar toki askotan; batez ere Gipuzkoan. Nafarroan Baztanen izan gara; une honetan, Igantzin ez ezik, Lesakan, Arantzan eta Uxuen ere dihardugu.
Egin dituzuen lanetan, zein izan da aurkitu duzuen dokumenturik bereziena edo arraroena?
Zaila da dokumentu bakarra aukeratzea. Asko dira edukiagatik, baliogatik edo momentuagatik gogoratzen ditugunak. Aukeratzen hasita aipatu ditzakegu Asteasuko Artxiboan gordeta dauden XVII. eta XVIII. mendeetako auziak (irainak, erailketak, bortxaketak, lapurretak,…), Baztanen dagoen auzi batetan aurkitutako karta-jokoan aritzeko karta bat (tranpatan omen zebiltzan), Uxueko liburu batean ikusi ditugun marrazkiak (XVIII.mende bukaerako janzkera jasotzen dutenak).
Hemen Igantzin, zein dokumentu iruditu zaizue bitxiena?
Igantzin azken hogei urteetako dokumentazioarekin lanean gabiltzan arren, beti aurkitzen dugu tarte bat artxiboko dokumentu historikoak irakurtzeko. Honela, ikusi dugu 1566. urtean latinez eskuz idatzitako zor baten inguruko gutun bat (honi buruz artikulua idatzi zuen gure lankide Olatz Etxeberriak). Badago 1816. urte inguruan Berrizaun zubia berritu zeneko espedientea, benetan interesgarria edukiengatik: planoak, langileen soldatak, eraikitzeko baldintzak,… Nabarmentzekoak dira XX. mendeko lehenengo erdialdeko jaien inguruko edukiak ere, neska-mutilak hurbilegi dantzatzearen inguruko gutuna, 1925. urteko jaietako programa (zaldi lasterketa eta guzti!),…
Zerbait gehiago aipatu nahi baduzue…
Artxiboak antolatzea eta informazioa eguneratua izatea funtsezkoa da bertze ekimenak abiatu ahal izateko. Lehenik eta behin, udalaren zein auzokoen eskubide eta betebeharrak aldarrikatzeko eta gauzatzeko; gardentasunarekin bat egiten du horrek. Bigarrenik, tokiko komunitateen sena indartzeko, herrien bilakaera laguntzen baitu honek. Biek ala biek etorkizunari so egiten diote, iraganean eta orainaldian abiatu arren. Horregatik da garrantzitsua.