ANDER ABUIN YEPES

«Lehendik daudenen babesarekin Beti Gazteko batzordean sartu den jende berriak frexkotasuna emanen dio elkarteari»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 27a, 14:00
Ander Abuin, Beti Gazteko presidente berria, Lesakako elkartearen egoitzan.

Ander ABUIN YEPES, Lesakako Beti Gazte elkarteko presidente berria.

Ander Abuin Yepes, 26 urteko abokatu lesakarra da 1.313 bazkide biltzen dituen Beti Gazte elkarteko presidente berria. Larunbatean Harriondoan egin behar izan zuten batzarrean aukeratu zuten, Jose Luis Sunsundegiren ordezko. Berekin batera, aurpegi berri gehiago ere izanen dira zuzendaritza batzordean, lehendik zeudenekin batera elkarlanean ariko direnak elkartea 80. urteurrena ospatzen ari den urtean. 108.128,10 euroko aurrekontua onartu zuten batzarrean eta 2021eko kuotei dagokienez, zuzendaritza batzordeak COVID-19arengatik %50 jaustea proposatu baldin bazuen ere, bertaratu ziren bazkideen gehiengoak bere horretan mantentzea erabaki zuen.

Aurpegi berria Beti Gazteko lehendakaritzan… Nola gogoratu zitzaizun pausoa ematea?

Jose Luis Sunsundegik lehendakaritza utzi nahi zuela komentatu zigun zuzendaritza batzordeko kideoi. Bertan ginenak pausua ematera ausartzen ez ginenez, presidentea bilatzen hasi ginen. Hala ere, ardura hori hartzeko prest zegoen inor ez genuen aurkitu. Laguntzeko prest zegoen jende dezente bai, baina ez lehendakaritzarako bat-batean. Beraz, zuzendaritza batzordean zegoen norbaitek lehendakaritzan jarri beharko lukeela ondorioztatu genuen, hori baita logikoena. Momentu horretan nire burua aurkeztu nuen eta gainontzekoen babesa jaso nuen.

Presidentea ez ezik, aldaketa gehiago izan dira zuzendaritza batzordean?

Bai, jende berria sartu da zuzendaritza batzordean. Zehazki, Nora Eneterreaga presidenteorde eta instalazio eta material arduradun karguarekin, Argiñe Ordoki kirol koordinatzaile, Olaia Otxoteko komukikazio arduradun eta Idoia Sunsundegi diruzaintzan. Sartu diren berri horiez gain, lehendik batzordean ginen gehienek ere jarraituko dugu: Modesto Maia eta Lourdes Danboriena idazkaritzan, Ana Errandonea diruzaintzan, Amaia Telletxea kultura koordinatzaile eta Jesus Mari Zapirain Covid-19aren protokolo arduradun. Guztira 10 pertsonako lantalde ederra osatu dugu. Zuzendaritza batzordea osatzen dugunez gain, Beti Gazte elkartea hainbat atalez osatua dagoenez, atal bakoitzak ere arduradun bat izanen du, orain arte izan den moduan. Errate baterako: futbola, lerro dantza taldea, lasterka taldea, argazkilaritza...

 Zein asmorekin sartu zarete?

Asmoa elkartearen martxari jarraitzea da. Beti Gaztek mota guztietako ekitaldiak eta taldeak antolatzen ditu eta horrek lan handia suposatzen du. Modu egokian aritzeko eta pertsonak aunitz ez kargatzeko lan banaketa egitea dugu helburu nagusia. Horretarako barne komunikazioan aditua den kide berriak organigrama eta komunikazio sare baten proposamena egin digu, elkarren arteko komunikazioa hobetu eta lan karga banatzeko asmotan. Zaila izanen da garai honetan zerbait egitea… Hala ere, alde onetik ikusita, urte egokia dugu hau zuzendaritza batzordekook guttinaka dena ongi ikasi eta aztertzeko.

«Alde onetik ikusita, urte egokia dugu hau zuzendaritza batzordekook guttinaka dena ongi ikasi eta aztertzeko»

Elkartea 80. urteurrena ospatzen ari den urte honetan odol berritzea beharrezkoa ikusten duzue, ideia frexkoak sartzea?

Ideia frexkoak beti ongi etorriak dira. Urte politagoa izaten ahal zen, baina COVID asuntu honek ekitaldi aunitz gibelera bota dizkigu… Sartu den jende berriak frexkotasun handia eman dio taldeari, gogoz eta ilusioz sartu dira lanean.  

Zein indargune eta zein ahulgune ikusten dituzue Beti Gazten?

80 urteko historia duen elkartea dugu Beti Gazte. Hori jende berriarentzat abantaila handia da, ez da zerbait zerotik hastea. Lan handia dago egina eta ekitaldi aunitzek dute bidea egina. Bertzalde, badira kontu berri samarrak ere: kirolean, lasterka taldea sortu zen eta eremu hori ireki zen Beti Gaztetik. Kulturan, berriz, solasaldi dexente egiten dira, irakurketa taldea, dantzak, lehiaketak… Beti Gazte ongi dagoela erran genezake, aunitz egiten du eta herriari bizia ematen baitio.

Dena den, hobetzeko beti badugu zerbait leku guztietan. Kasu honetan komunikazioan esfortzu handiagoa egin beharko genukeela uste dut. Horretarako sartu berri den Olaia Otxoteko kazetariak erronka berezia du. Bazkideetara errazago ailegatu nahi dugu, bolondresak eta lanerako prest dagoen jendea behar izaten da eta aunitzetan zaila da hauek harrapatzea.

Zenbat bazkide ditu elkarteak gaur egun? eta zenbat kirolari ari dira Beti Gazteren izenean?

Momentu honetan 1.313 bazkide ditu Beti Gaztek. Goraka doa urtetik urtera eta horrek lanean jarraitzera bultzatzen gaitu. Ehundaka kirolari ditugu elkartean hainbat kiroletan: futbola, sokatira, txirrindularitza, mendia eta lasterka dira martxan ditugun modalitateak. Kultura arloak ere jende aunitz mugitzen du: argazkilaritza, lerro dantzak, Beti Gazte kantari, muxikoak, irakurketa kluba, lehiaketak…

Zer aldaketa eta ideia duzue burutan epe laburrean? Eta aitzinera begira?

Antolaketa aldaketa batzuk proposatu ditugu, zuzendaritza batzordeko kideak eta funtzioak aldatuz. Helburua, zuzendaritza batzordetik talde guztietara iristea da. Kirol eta kultur koordinatzaileen lana hagitz garrantzitsua izanen da zentzu honetan, beraiek izanen baitira Beti Gazteko talde desberdinen “enlazea” zuzendaritza batzordearekin. Ekitaldi berriak ere antolatu nahiko genituzke. Pasa den hilabetean Ipar Martxa tailer bat antolatu zen adibidez. Baina, dena den, Beti Gazte elkarteak orokorrean ekintza ugari eta politak antolatzen dituela uste dugu, Lesaka herriari bizia eta kirol/kultura eskaintza zabala luzatuz. Beraz, guk ere ildo hortatik jarraitzeko intentzioa dugu, Lesaka eta lesakarrontzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun