ANDONI MACICIOR

«Musikarik gabe erotu eginen ginateke»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 24a, 08:00
Musika aditzea «bizi funtzio bat da» Arantzako gaztearentzat.

Andoni MACICIOR, Arantzako gaztea

Musikaria, kirolzalea eta lagunen laguna da Andoni Macicior (Arantza, 2002). Horiek dira bere zaletasun nagusiak eta horien bueltan eraikitzen du egunerokoa. Etorkizuna ere halakoxea izatea nahiko luke.

Aurten Lehen Hezkuntza gradua hasi berri du eta ondotik, Gorputz Hezkuntzara pasatu nahiko luke etorkizunean hori irakasteko. Horrez gain, «musika talde batean jotzea» aunitz gustatuko litzaioke. Baina bada guztiaren gainetik desio duen zerbait: «egun ditudan lagunekin harremanetan segitu nahiko nuke». Ez distantziak ezta denborak ez dezala haria eten…

Nor da Andoni Mazizior?

Arantzan bizi den eta musika, kirola eta animaliak gustatzen zaizkion gaztea. Zientzia zalea ere banaiz.

Musikazalea zara. Nondik heldu zaizu zaletasuna?

Nire etxean beti izan gara musikazaleak, baina batez ere, nire anaia izan da nire gustu musikalaren, nola erran... kausa nagusia (irri artean). Nik aditzen dudan musikaren zati handi bat nire anaiak erakutsiak dira. Berak erakusten zizkidan eta, egia erran, horietatik aunitz gustatu zaizkit.

Bertze aldetik, zaletasuna familiatik datorkidala uste dut. Izan ere, nire osabak eta lehengusu aunitzek musika-tresnaren bat jotzen dute.

Zein musika tresna jotzen dituzu?

Ba, denak bezala, txirularekin hasi nintzen. Garai hartan jada musika aunitz gustatzen zitzaidan. Horrez gain, duela lau urte eta erdi gitarra ikasten hasi nintzen. Hasieran bateria jotzea pentsatu nuen, baina Olentzerok gitarra bat oparitu zidan, eta ondorioz gitarra ikasten hasi nintzen. Aunitz gustatu zitzaidan. Lehenbiziko urtean nire anaiak erakutsi zidan gitarra jotzen, garai hartan klaseak ematen zituen. Eta hurrengo bi urteetan herriko batzuei gitarra erakusten aritu nintzen.

Zer da musika zuretzat?

Musika niretzat pentsamenduak transmititzeko tresna bat da, eta hori egiteko kanta batek ez du soilik letra ona izan beharrik, letrarik gabe ere, musika-tresnarekin, aunitz transmiti daiteke. Nire ustez, musikarik gabe, erotzeraino ailegatuko ginateke.

Musika aditu, jo edo sortu? Zergatik?

Musika aditzea bizi funtzio bat bezalakoa da, beharrezkoa iruditzen zait, lasaitzeko, estresa kentzeko, zure "nia" askatzeko... Bertze aldetik, musika jotzeak edo sortzeak ere lasaitu egiten zaitu, ongi sentitzen zara eta zure buruarekin konektatzea lortzen duzu. 

‘Uda da urteko sasoi onena’ hala dio zure kantu baten letrak… Nondik sortu zen kanta?

Musika ikasgairako lan bat egin behar genuen, musikarekin lotutako edozer gauza egiteko erran ziguten, eta nik kanta bat egitea pentsatu nuen. Horregatik letra ez da munduko letrarik hoberena (irri artean), baina kantaren instrumentala dinamikoa dela eta ez dela aspergarria uste dut.

Aurtengo sasoirik onena ere hori izan al da?

Aurten, birusa egonda ere, ongi pasatu dut. Bertze bizipen bat izan da, eta gaur egun horrela bizitzera ohituratu beharko gara, ez dago bertzerik. Hala ere, ez da lan zaila besta egitera ez joatea edo maskara jantzita egotea, aunitzez okerragoa izaten ahal zen.

Berriki bizitzako bertze etapa bat hasi duzu…

Gasteizen hasi naiz ikasten, Lehen Hezkuntza Gradua. Hasieran IVEF egitea pentsatu nuen, baina azkenean Magisteritza ikastea erabaki nuen, gero Gorputz Hezkuntzan sartzeko. Urtea ongi hasi dugu, lagunak egin ditut eta bertako jendea hagitz jatorra da. 

Nola bizi izan duzu ezohiko hasiera hau?

Nik ongi bizi izan dut, orain arte klaseak online egin ditut, baina ongi moldatu naiz. Etxean lana eginez gero, aski da klasekoa ulertzeko, eta gero denbora ere izaten dut nire gauzak egiteko.

Herritik kanpo pasatzen dituzu astegunak… Zer da herritik faltan sumatzen duzuna?

Hiria aunitz gustatzen zait, herrian ez dagoen gauza aunitz dago, gimnasioak, zentro komertzialak... Herritik faltan sumatzen dudana familia eta hango lagunak dira batez ere, haiekin erraketan aritzea edo ostatuan afaltzea, adibidez.

Zer du Arantzak bertze herriek ez dutena?

Bertan egiten diren gauzak: kontzertuak edo hitzaldiak, adibidez. Arantza herri dinamikoa da, bertakoak zerbait egiten ari dira beti, norbait kontzertu bat ematera ekartzen edo jendea kontzientziatzeko hitzaldiak antolatzen.

Inguruko txokorik ederrena?

Niri Putzubeltz aunitz gustatzen zait, hagitz polita da, lagunekin han egoteko eta denbora pasatzeko. Naturaren erdian dago, eta niri natura aunitz gustatzen zait.

Zerk egiten zaitu zoriontsu?

Lagunekin musika jotzea aunitz gustatzen zait, edo haiekin gelditzea eta zinera, errekara edo hondartzara joatea edo herrian bertan egotea. 

Amets bat?

Adibidez musika talde batean jotzea eta gorputz hezkuntza erakustea, edo kirolarekin lotutako zerbait egitea. Baina, batez ere, oraingo lagunekin harremanetan segitu nahiko nuke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun