Organoaren jardunaldia antolatu dute urriaren 31rako Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 28a, 12:00
Iratxe Etxarte organista, Lesakako San Martin elizako Roques organoa jotzen, duela bi urte.

Elizako musika-tresna ezagutzeko tailer irekiaren ondotik, Iosu Larunbek kontzertua eskainiko du, Mikel Galardi (tronpeta) eta Gaizka Sarasola (txistua) herritarren laguntzaz 

Organo jardunaldia eginen dute urriaren 31n Lesakako San Martin de Tours elizan, Nafarroako Organoaren Lagunen Elkarteak (ANAO) sortutako Bfabemi.org proiektuaren barrenean. Proiektu honek gure herri eta hirietako kulturaren balioak eta potentziala sustatzen ditu, ondare organistikoaren eta horren inguruan lan egiten dutenen bitartez.

Urriko azken larunbatean, 17:00etan, organo tailerra emanen du Iosu Larunbek, jakin-mina duen edonorentzat zabalik. 18:30ean organo kontzertua eskainiko du Larunbek berak, herriko Mikel Galardi tronpeta-jotzailearen eta Gaizka Sarasola txistulariaren laguntzarekin obra batzuetan. Lesakako Roques Organoaren lagunak (AAORL) elkarteak kontzertua antolatzen lagundu du.

 

Kontzertuko musikariak

Organista Iosu Larunbe Iturbide izanen da. Martzillan jaioa, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan organo ikasketak egin zituen  Raul del Toro irakaslearekin. Era berean, Hizkuntza eta Musika Hezkuntzaren Pedagogiako tituluduna da ikastetxe berean. Besteak beste, Jacques Ogg, Els Biesemans, Fabio Ciofini, Benoît Mernier, Michel Bouvard, Géraud Guillemot, Raúl Prieto eta Daniel Rothekin aritu zen.

2.000urteaz geroztik, piano-jotzaile eta organo-jotzaile laguntzaile gisa lan egiten du Atarrabiako San Andres abesbatzarekin batera, eta, aldi berean, komunitateko hainbat abesbatzarekin lan egiten du aldizka. Musikari laguntzaile edo bakarlari gisa errezitaldiak eskaini ditu Nafarroako hainbat herritan.

2005az geroztik, irakasle gisa lan egiten du hainbat musika-eskolatan, eta, batez ere, pianoko eta musika-hizkuntzako klaseak ematen ditu, beste jakintzagai batzuez gain.

Tronpeta-jotzailea: Mikel Galardi Txoperena lesakarra. Lesakako musika eskolan ikasketak bukatuta, musika bandan sartu zen eta Irungo kontserbatorioan hasi zen ikasten. 2014 eta 2017 arteko ikasturteetan Euskadiko Ikasleen Orkestran plaza lortu zuen. Gaur egun Extremadurako Goi Mailako Musika Eskolan (Musikex) ikasten ari da.

Txistularia: Gaizka Sarasola Iartzabal lesakar txistulari ezaguna izanen da.

Organoaren Lagunen Elkartea

Elkarte honek urte pare bat daramatza lanean, Lesakak ezkutatzen duen altxor handia ezagutarazteko asmoz: elizak Interes Kulturaleko Ondasun izendatutako organo erromantiko handi bat du, baina zaharberritzea behar du, distira egin dezan. Horretarako, irabazi asmorik gabeko erakunde hori eratu zuten, organo honen kontserbazio-egoera zaintzea eta haren aberastasuna ezagutarazteko helburuarekin.

AAORL elkarteak hainbat jarduera eta kudeaketa eginen ditu ahalik eta laguntza handiena lortzeko eta organoa Lesakako kultura eta prestakuntza-bizitzan elementu aktiboa izan dadin. Hasieratik ari da lanean ANAOrekin (Nafarroako Organoaren Lagunen Elkartea), eta honen laguntza eta aholkularitza jaso du, hagitz lagungarria eta interesgarria baita elkartearentzat.

Organoaren inguruan sortu diren eta sortuko diren jarduerak zehaztu ditu Facebook kontuan; gainera, MECNA proiektuaren barruan ekarpenak egiteko barrenean eman du. roquesorgano@gmail.com helbide elektronikoan edozein kontsulta, iradokizun edo ekarpen erantzunen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun