Abaltzisketa eta Irurako kanporaketetan bezala, Asteasuko finalean ere giro ederra izatea espero dute antolatzaileek. «Orain arteko saioetan, bertsolari zein bertsozaleek ezin hobeto elkar hartu dute eta giro beroa sortu da kanporaketetan» adierazi dute Harituzeko ordezkariek.
COVID19ak eragindako egoera dela eta, segurtasun neurri zorrotzak betetzen ari dira antolatzaileak txapelketetako saioetan, hala nola, bertsolari zein bertsozaleei tenperatura hartuz eta hidrogelarekin eskuak garbiaraziz.
2018an jokatu zen lehenengoz Pello Errota bertsolari sariketa. Sariketaren helburu nagusia sariketetatik kanpo geratu diren eta plazaz-plazako zirkuituan sartzeko aukerarik izan ez duten maila oneko bertsolariei jendaurrean kantuan aritzeko aukera ematea da. Lehenengo edizioan, Eneko Lazkozek irabazi zuen txapela eta aurten erabakitzeko dago nork hartuko dion txapeldunaren lekukoa.