Jabier Etxebeste Zayas

«Bakarrik eta edonon bizitzeko gai naizela ikusi ahal izan dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 16a, 18:00
Erronka pertsonal gisa joan zen Jabier Etxebeste Australiara eta ez da hartutako erabakiaz damutu.

«Bizitzako esperientzia» izan da Jabier Etxebesterentzat Australiako bidaia, egunerokoan etenaldi bat eragin duena. Bizipen horren ondotik, ikasketei balioa emateko eta profesionalki garatzeko asmotan da.

Filipinak, Estatu Batuak, Suedia, Australia, Zeelanda Berria, Malaysia... Hondarreko bi urteetan hamaika herrialde bisitatu ditu Jabier Etxebestek (Lesaka, 1993). Ikasketak bukatuta, «gozatzeko eta bizitza bizitzeko momentua» zela iritzita, maleta bizipenez betetzeko herritik ateratzea erabaki zuen. Lehenbiziko sei hilabetetan egonaldi laburrak egin zituen; gerora, ordea, urtebeteko bisa lortu eta Australiara joan zen. Lan egiteko eta gozatzeko aukera eman zion bertako egonaldiak. Are gehiago, bertan aurreztutakoari esker, bidaiatzen segitu ahal izan zuen. Koronabirusagatik aurreikuspenak aldatu behar izan zituen eta itxialdia Malaysiako Tioman irlan pasatu zuen. Bateko eta bertzeko bizipenez eta egungo eta etorkizuneko asmoez aritu da Ttipi-Ttaparekin.

Iruñean ingeniaritza industriala ikasi zenuen. Zergatik aukeratu zenuen bide hori hartzea?

Ez nuen argi zer ikasi nahi nuen… Arkitekturan eman nuen izena, baina krisi garaia zen eta nahiko gaizki zegoen alorra zen. Hortaz, bide zabalena hartzea erabaki nuen. Tuteran diseinu mekaniko arloko ingeniaritza ikasten hasi nintzen eta bigarren ikasturtean Iruñera jo nuen, ingeniaritza industriala ikastera. Gradua bukatuta, jarraipena emateko, bertze bi urtez ingeniaritza industriala masterra egin nuen. Hori akitu nuenean, Master Bukaerako Lana egiteko Ingalaterrara joan nintzen eta han, sei hilabetez, enpresa batean praktikak egin nituen.

Ingeniaritza ikasketak gogorrak direla aipatu ohi da maiz… Nola oroitzen dituzu ikasketa urteak?

Zailak eta luzeak izan ziren, sei urtez ordu aunitz pasatu nituen ikasten... Aunitz ikasiagatik, azterketen presio handia izaten nuen eta emaitzak ez ziren ikasitakoaren isla...

Ikasketak akituta Australiara joatea erabaki zenuen…

2018ko uztailean, ikasketak bukatu nituenean, ez nuen enpresa batean sartzeko gogorik, eguneroko martxarekin hautsi nahi nuen. Ikasturtean zehar ikasketetan nuen burua eta udan aitaren enpresan lanean ari nintzenez ez nuen bidaiatzeko astirik... Nahi nuena egin nahi nuen. Lagun batzuekin Filipinetara, bertze batzuekin Estatu Batuetara, lagun bat bisitatzera Suediara… joan nintzen. Horrela pasatu nituen sei hilabete. Filipinetara joan nintzenerako Australiara urtebete pasatzera joateko bisa hartua nuen eta bertan Elizondoko lagunei nire asmoa zein zen aipatu nien. Lagun batek, Xabier Iruretagoienak, berak ere joateko gogoa zuela aipatu zidan… Azkenean  biok joan ginen.

Zenbat denbora egon zara Australian?

Nik bisa urtebeterako nuen. Lagunak, berriz, ikasketak egiteko bisa hartu zuen. Melbournen zazpi hilabete pasatu nituen, gero Vietnamera, Filipinetara eta Kanbodiara joan nintzen. Berriz bueltatu eta Sidneyen egon nintzen. Han nintzela aprobetxatuz, bisa bukatu zitzaidanean, Zeelanda Berrira, Indonesiara… bidaiatu nuen. 2019ko otsailean joan nintzen eta urte eta erdiz batetik bertzera ibili naiz.

Zergatik aukeratu zenuen Australia?

Munduaren bertze puntara joateko momentua zen, lanean hasi edo familia izan aitzinetik...

Bidaia hori erronka pertsonal gisa hartu zenuen...

Bai, edozein tokitan eta inoren beharrik gabe bizia ateratzeko gai naizela ikustea nuen erronkatzat. Lana harrapatu nuen, pisua… Edozein traba gainditzeko gai nintzela ikusi nahi nuen eta, bide batez, jendea ezagutu, ongi pasatu…

Hango bizimodura egokitzea erraza izan zen?

Lana harrapatzeko hango jendeari galdetu eta dagoen horretara egokitzea bertzerik ez dago. Hasieran lagun baten bidez hotelak eta apartamentuak garbitzen aritu nintzen. Hori aski nuen janaria eta pisua ordaintzeko, baina gero bidaiatzeko aurreztu nahi nuen… Bilatu eta bilatu aritu ondotik, logistika enpresa bateko biltegian harrapatu nuen lana. Kaxak altxatzen aritu naiz, lan aspergarria zen baina ongi irabazten nuen. Ongi bizi izan nintzen eta hala ere, gero bidaiatzeko diru nahikoa gorde nuen. Harreman aldetik ere, hagitz aberasgarria izan da. Xabier eta biok agentzia batekin harremanetan jarri ginen. Jende aunitz ezagutu genuen, hagitz ongi moldatu ginen eta harremana mantendu dugu. 

Tartean, Australiatik Zeelanda berrira bidaiatu zenuen…

Otsailaren 13an atera nintzen, bisa bukatu zitzaidalako. Sidneyen egin nuen lagun bat, Bartzelonatik joan zitzaizkion bi lagun eta laurok furgoneta bat hartu eta bi astetarako joan ginen. Karabanan izandako esperientzia, bertako parajeak, edozein tokitan aparkatu eta argitzeko momentuaz gozatzea… ederra izan zen. Gero Juan eta biok berriz Australiara bueltatu ginen, turistentzako bisarekin eta bertze biak Malaysiara joan ziren.

Pixkanaka etxera bueltatzeko nahia piztu zitzaizun… Noiz hartu zenuen bueltatzeko erabakia?

Hasierako asmoa Australiara eta Zeelanda Berrira joatea zen. Gero, dirua bukatu arte bidaiatzen segitzea erabaki nuen. Indonesiara joan nintzen. Ondotik, Filipinetara, Japoniara, Hego Koreara… joateko asmotan nintzen, baina koronabirusak dena aldatu zuen. Zeelanda Berriko lagunak Malaysian zeuden eta bi aukera nituen: etxera bueltatu edo Malaysiara joan. Ez nuenez etxera bueltatu nahi, martxoaren 17an hegazkin bat hartu eta bertara joan nintzen. Momentu horretan hilabeteko kontua izanen zela zioten eta hilabetez han egoteko eta ondotik bidaiarekin segitzeko asmoz joan nintzen.

Malaysian pasatu zenuen itxialdia. Nolako esperientzia izan da?

Bai, Bartzelonan zeuden bi lagunekin Malaysian elkartu nintzen eta, liburu batean begiratuta, Tioman irlara joatea erabaki genuen. Zer harrapatuko genuen jakin gabe joan ginen eta izugarrizko suertea izan genuen. Gero, konfinamenduagatik, ezin izan zen inor etxetik atera eta gu irlan geunden… Irla nahiko handia bada ere, bakartuta zegoen gune batean geunden, ezin ginen inora joan eta ezin zen inor etorri. Guztira hamaika atzerritar geunden, bertako 100 bat malaysiarrekin. Harreman hagitz ona egin genuen haiekin. Irlan bertan 85 egun pasatu genituen: hondartzan, urpean igeri egiteko ikastaroak egin genituen, kartetan aritzen ginen, barbakoa egiten genuen… Ez nuen deusen faltarik izan, ez nintzen munduan pasatzen ari zenaz ohartzen, konfinamendua zer den ez dugu ezagutu. Pixkanaka jendea nazkatu egin zen, janariarekin bereziki, ostatuan arroza eta oilaskoa izaten zen egunero... Bertzeak lehenago joan ziren eta, azkenean, lagunak eta ni bakarrik gelditu ginen… Denbora pasatu ahala, nekatzen hasi ginen, ez genuelako deus egiteko. Malaysian bidaiatzeko mugak ireki zituztenean, saiatu ginen baina ez zuela merezi ohartu ginen, toki gehienak itxita zeuden...

Zer ikasi duzu esperientzia horri esker?

Jendeak ze gutti behar duen bizitzeko. Malaysian, adibidez, haurrek ez zuten deus behar jostatzeko. Gurasoek haurrei askatasun handia ematen diete eta lasai bizi dira, presarik gabe. Australian bertze errealitate bat ezagutu dut… Jende aunitz ezagutu dut, adin eta asmo antzekoak zituztenak… hori gustatu zait baina... Malaysian bertakoak bagina bezala zaindu gaituzte.

Irail hasieran bueltatu zinen herrira… Zein da orain zure asmoa?

Oraindik gaztea naizen arren, hainbeste denbora eta esfortzu kosta zitzaidan karrerari eta masterrari balioa eman nahi diot. Ikasketekin lotura duen lan bat bilatzeko asmoa dut. Ez dakit hemen, Iruñean, Donostian… izanen den edo urrutiago, ateak irekita ditut eta dagoen tokira joanen naiz. Probatu eta gero ikusiko da...

Eta epe luzera begira… halako esperientziaren bat berriz bizitzeko asmorik baduzu?

Bizitzako esperientzia izatea zen asmoa baina gustura egon naiz. Denbora luzez ez badut lanik harrapatzen bertze bisa bat eskatzen saiatuko naiz, Kanadara joan eta ingeniaritza munduan lan egiteko. Halere, ez da hori nire lehentasuna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun