Lesakako Tantirumairu ikastola Jantoki Osasuntsuak programan sartu da ikasturte honetan

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 16a, 12:00
Egitasmoaren aurkezpena egin zuten atzo. Silvia LarraƱeta (CPAEN/NNPEK), Jon Garay (Ekoalde) eta Iosu Reparaz (NIEko presidentea) mahaian eta internet bidez, Tantirumairu ikastolako Aitor Iratzoki.

Menu osasungarri, jasangarri eta ekologiko berriak sartu ditu jantokian, bertako lehen sektoreko ekoizpenak hornituak

Nafarroako hiru ikastola sartu dira 2020/21 ikasturtean JANOS (Jantoki Osasuntsuak) egitasmoan, tartean Lesakako Tantirumairu Ikastola. Sektore ekologikoan nekazaritza-ekoizpen ugari dauden lurraldea da Nafarroa: CPAEM, Eko-logikoak eta Ekoalde. Horiekin lankidetzan bat egin dute ikastola hauek.

Lesakakoarekin batera, Iruñeko Jaso Ikastola eta Atarrabiako Paz de Zigandan ere eraldaketa egiten hasiak dira ikasturte honetan eta bertze batzuk proiektuan sartzeko urratsak ematen ari dira, adibidez, Tafallako, Vianako eta Zangozako ikastolak. Joan den ikasturtean Tuterako Argia ikastola ere fase esperimentalean sartu zen. Beraz, proiektuan Nafarroako 7 ikastola eta 23 ekoizle ekologiko sartuak daude, egunero 1.480 menu eskaintzen dituzte, 260.000 ikasturte osoan. Sartutako hurbileko elikagai ekologikoak arroza, oloa, pasta, lekaleak, irina, kontserba, arrautza eta barazki anitzak dira.

Atzo aurkeztu zuten proiektua prentsaurrekoan Silvia Larrañeta CPAEN/NNPEKeko teknikariak, Jon Garay Ekoaldeko koordinatzaileak eta Iosu Reparaz Nafarroako Ikastolen Federazioko (NIE) presidenteak. Internet bidez parte hartu zuten ikastoletako ordezkariek ere, tartean Tantirumairu Ikastolako Aitor Iratzokik.

Aldaketak menuetan

Ikastetxeetako proiektuak menu jasangarri eta osasungarrietarako trantsizioari heltzen dio, elikaduraren erabateko aldaketa gisa. Menuen egituran lan egin da, nutrizio-irizpideei, plateren elaborazioei eta sukaldeek elikagai freskoak eta sasoikoak sartzeko duten gaitasunari jarraiki; horrek eskatzen du zentroen inplikazio aktiboa, bai zuzendaritzarena, bai sukaldeko langileena, bai zaintzaileena eta irakasleena.
Nutrizionista batek eta CPAEN/NNPEKeko teknikariek osatzen dute zentroetako aldaketarekin batera doan diziplina anitzeko taldea, Menjadors Ecologics elkarteko Nani Moré sukaldariak gainbegiratua. Elkarte horrek antzeko aldaketak egin ditu Espainiar estatu osoko ikastetxeetan.
Menuaren aldaketa praktikoak osasun-agintariek ezarritako jarraibideetan oinarritzen dira, eta, laburbilduz, hauek dira: frijituak kentzea, animalia-proteinak murriztea eta barazkien eta fruten kontsumoa sustatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun