Joseba Larralde

«Helburu zehatzik gabe kirolaz gozatzen segitu nahi dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 16a, 07:00

Joseba LARRALDE ALZUGARAI, Berako mendiko lasterkaria

Duela hamarkada bat txirrindularitzan profesionalen mailan ibili zen Berako kirolaria. Azken urteotan, ordea, txirrindularitza utzita mendian goiti eta beheiti dabil lasterka, eta dioenez, gustura ari da.

Pedalei eraginez egin zen ezagun, eta pedalak alde batera utzita, bi oinen gainean segitu du bidea Joseba Larralde Alzugaraik (Bera, 1986). Bizikletan zein mendian lasterketa, bietan ere gustura, maite baitu kirola, hainbertze «momentu on» eman dizkion bere zaletasunik handiena hori baita.

Haurtzarotik datorkio afizioa. «Beti harat-honat ibiltzen nintzen, mendian, bizikletan, pilotan, arrantzan...». Etxe barrenean «denbora gutti» pasatzen zuen horietakoa omen zen. Koska bat goiti egitera ere animatu zen eta bederatzi urte zituela lehiatzen hasi zen. Parte hartu zuen lehenbiziko proba irabazteak segitzeko bidea ireki zion eta lehenbizi afizionatuetara eta gero profesionaletara saltoa egin zuen.

 

Profesionaletan bi urte
Txirrindularitzan, afizionatuen mailan ibili zeneko oroitzapen «hagitz onak» gordeak ditu Larraldek, «azken batean, astebururo lasterketetan elkartzen ginen lagun talde bat ginen. Nahiz eta elkarren artean lehia izan, hagitz momentu onak pasatzen genituen». Garaipen batzuk ere lortu zituen, hala nola, Nafarroako 23 urtez beheitikoen txapela.
 
Profesionaletarako urratsa, berriz, «ttikitako amets bat egia bihurtzea» izan zen eta onartu digunez, «ilusio handiarekin hartu nuen».  2009tik 2011ra iraun zuen amets hark, eta tartean, «momentu on aunitz» izan zituela kontatu digu. Areago, «momentu txarretan aitzinera segitzen erakutsi zidan». Dena, ordea, ez zen berak nahi bezalakoa eta «neraman bizimoduarekin gustura ez nengoelako txirrindularitza uztea erabaki nuen». Aitortu digunez, «ez zen erraza izan erabakia hartzea». 

«Neraman bizimoduarekin gustura ez nengoelako txirrindularitza uztea erabaki nuen»

Mendi lasterketetan
Bizikleta utzita mendi lasterketetan probatzea erabaki zuen, eta probatu orduko hartu zion gustua. Sara Trail lasterketan egin zuen estreinaldia eta geroztik «zenbat sufrimendu eta estualdi, baina batez ere, zenbat momentu on!». 

Urte batzuk baditu dagoeneko eta «eguneroko bizitzaren eta motibazioaren arabera» aritu izan dela adierazi digu, «dedikazio handiagoko eta guttiagoko urteak izan ditut». Argi dio: «hau hobby bat da, gozatzea da nire helburua».   

«Hau hobby bat da, gozatzea da nire helburua»

Gozatu bai, baina irabazi ere bai. Palmares ederra osatzen ari da: Nafarroako Txapelketa, Nafarroako Kilometro Bertikal Txapelketa, Taldekako Espainiako Txapelketa, Sarako Kontrabandisten Lasterketa lau aldiz, Arantzako Mendi Lasterketa bi aldiz, Bidarraiko Mendi Lasterketa hirutan, Artzainen lasterketa bitan, Olazti-Urbasa, Mendira joan etorria, Ezkaba trail, Suheskun trail, Ttutturru trail, Goizueta Trail eta Unzue trail irabazi ditu. Zerrenda luzea, bistan da, eta guztien artean bi ditu bereziak: «Arantzako lasterketa eta Sarako kontrabandistena. Arantzakoa lehenbiziko edizioa irabazi nuelako eta polita izan zelako; eta Sarakoa berezia delako». 

Bere ezaugarrien harira ere mintzatu da, «igoeretan hobeki moldatzen» dela erranez eta aldiz, «jaitsieretan denbora gehien galtzen» duela onartuz. Gainerakoan, «lasterketa egunetan eta bezperan ahalik eta garbien jaten saiatzen» dela dio, baina «gainerako egunetan ez diot arreta berezirik jartzen». 

«Aitatasunak eta lanak libre uzten dizkidaten uneak aprobetxatzen ditut kirola egiteko»

Kontuak kontu, aitzinera begira segitzen du. «Lesioek lan dezente» eman izan badiote ere, orain, «minik gabe» dabil eta hori eta «aitatasunak eta lanak libre uzten dizkidaten uneak aprobetxatuz» kirola egiten segitu nahi du,  «helburu zehatzik gabe». Mendi lasterketek «kirolaz gozatuz, lagun giroan egun ederrak pasatzeko aukera» ematen diotelako. 

Motzean

  • Mendi bat? Larhun.
  • Txirrindulari bat? Vincenzo Nibali.
  • Mendiko lasterkari bat? Fernando Etxegarai.
  • Lasterketarik gustukoena? Arantzako Mendi Lasterketa.
  • Lasterketarik gogorrena? Livigno Skymarathon (Alpeak, Italia). 
  • Txirrindularitza eta mendiko lasterketa ez den bertze kirol bat? Pilota.
  • Bisitatuko zenukeen toki bat? Norvegia.
  • Maniarik lasterketetan parte hartu aitzinetik? Ez.
  • Berako txokorik gustukoena? Labiaga mendia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun