Beti Gaztek gaztetxoentzako ipuin lehiaketa antolatu du

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 12a, 15:00
Iazko lehiaketan saritutako batzuk.

Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarrenera artean daudenek parte hartu ahal izanen dute eta lanak azaroaren 20a baino lehen aurkeztu ahal izanen dira.

Ipuin lehiaketaren VII. edizioa martxan du Beti Gazte elkarteak eta parte hartzeko deia egina die Lesakako gaztetxoei. Adinaren arabera, lau mailatan banatuko dute lehiaketa: A maila (Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak), B maila (Lehen Hezkuntzako 4. mailakoak), C maila (Lehen Hezkuntzako 5. mailakoak) eta D maila (Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak).

Ipuina sortzeko gaia librea da eta parte-hartzaile bakoitzak ipuin bakarra aurkez dezake. Ipuinak gutxienez orri bat eta gehienez hirun iza beharko ditu eta eskuz (letra ulergarria) edo ordenagailuz aurkeztuko dira, Tantirumairu ikastolan edo Irain eskolan. Azaroaren 20a baino lehen eraman beharko dira. 

Lanaren kalitatea, estiloa, zuzentasuna, ortografia eta originaltasuna baloratuko da eta maila bakoitzeko lehenbiziko bi sailkatuek saria izanen dute. Lehiaketaren oinarriak www.betigazte.net web orrialdean daude eskura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun