Odola emateko aukera izanen da asteazken eta ortzirale honetan Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 12a, 13:00

ADONA Nafarroako Odol-emaileen Elkartearen unitate ibiltaria Beran izanen da asteazken arratsaldean eta ortzirale goizean. Ezinbertzekoa izanen da aitzinetik izena ematea.

Asteazkenean, urriak 14, 17:15etik 20:30era eta ortziralean, urriak 16, 09:45etik 13:00etara zehaztu dute hitzordua. Bakarrik joan beharko da eta aitzinetik ordua hartuta, 848 420 573 telefonora deituta.

Covid-19a tarteko, hainbat segurtasun neurri hartuko dituzte. Hala nola, ezinbertzekoa izanen da osasuntsu egotea eta azken 28 egunetan koronabirusean positibo eman duen edo hala izateko susmoa duen norbaitekin egonez gero, ezin izanen da odola eman. Azken 15 egunetan sukarra edo katarroen sintomak izan dituztenek ere ezin izanen dute odola eman, ezta azken 30 egunetan Europako bertze herrialderen batean edo Europatik kanpo egon direnek ere (informazio gehiagorako: 848 422 570). Bereziki zainduko dute garbitasuna eta eskuen higienea eta maskararen erabilera derrigorrezkoak izanen dira. Etxetik atera aitzinetik sukarra hartu beharko da eta 37 gradu edo gehiago izanez gero, ezin izanen da odola ematera joan.

Odola eman eta ondoko 14 egunetan koronabirusarekin lotutako sintomarik izanez gero, 848 422 570 telefonora deitu beharko da eta positibo eman duten odol-emaileek ez dute aukerarik izanen sintomarik gabe guttienez 14 egun pasatu arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun