Iñaki Garrido Yerobi eta Carlos Rilova Jericó historiatzaileak idatzitako ‘Bortzirietako nobiliarioa. Noblezia, kaparetasuna eta odol-garbitasuna egiaztatzeko frogantzak (XVI-XIX. Mendeak)’ liburua aurkeztuko dute urriaren 14an Iruñean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko areto nagusian.
Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea erakundeak eta Bortzirietako udalek koeditatu dute liburua. Kike Diez de Ulzurrunek egin du hitzaurrearen eta sarrerako orrien itzulpena. Argitalpenak 880 orrialde ditu eta 500 aleko tirada. Nafarroako Gobernuaren argitalpen dendan (Navas de Tolosa kalea, Iruña) eta liburu-dendetan eros daiteke, 18 eurotan.
Bortzirietako bortz herrien iragan historikoa aztertzen du, haien 350 hidalgiak eta aurkitutako odol-filiazioak aztertuz. Argitalpen honen bidez, Nafarroako Erresumako Bortzirietan errotutako deituren ondorengoei noiz agertzen diren, arbasoen gorabeherak, deituren eramaileak eta armarriak itzultzen saiatzen dira egileak. Horretarako, 1515etik aitzinera eta hiru mende baino gehiagoan izapidetutako espedienteak ikertu dituzte, batez ere Nafarroako Artxibo Nagusian.
Liburua, hitzaurrearen ondoren, “Kaparetasun espedienteak” izeneko atalarekin hasten da. Bertan, kontsultatutako artxiboak eta armarriei buruz lortutako datuen aberastasuna, oinetxeen jauregiekin duten erlazioa eta informazio genealogiko handia agertzen da. Era berean, kaparetzat hartzen zirenen noble-izaera frogatzeko prozesu konplexua aztertzen da, horrela, hiribilduetako elitean parte hartu ahal izateko eta estamentu nobleari Erresuma Zaharrean esleitutako pribilegioak izateko.
Kaparetasuna lortzeko prozesuan izangaiak filiazio, noblezia eta kaparetasun auzia jarri behar zituen bizi zen lekuko udal agintarien kontra, herri horretan kapare gisa onartu ahal izateko. Hala, liburuaren bigarren zatian, 600 orrialde baino gehiagotan jaso dira kaparetasun auzilarien abizenen arabera alfabetikoki ordenatutako auzien transkripzioak.