'Erlauntza' antzezlana ikusgai izanen da urriaren 15ean Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 10a, 12:00

Goldatz Berako Emakume Talde Feministak antolatu du «malkoak eta irriak baimenik gabe nahasten diren komedia mikatza». Kultur Etxean izanen da, 19:00etan hasita, eta sarrerak egunean bertan leihatilan salduko dituzte.

Antzerkiaren sinopsiak dioenez, «malkoak eta irriak baimenik gabe nahasten diren komedia mikatza» da. «Ttikitako lagun kuadrilla bat asteburu pasa joanen da landetxe batera beraietako baten ezkon aitzineko agurra ospatzera. Urteak, ordea, ez dira alferrik pasatzen eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, deus ez da garai batean bezala; edo bai…». Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, Itziar Atienza, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz eta Naiara Arnedo aktoreak ariko dira taula gainean.

Zenbait ohar
Leihatila urriaren 15ean 17:30ean irekiko dute eta gehienez pertsona bakoitzeko lau eserleku erosi ahal izanen dira. Ekitaldi hau martxoan egitekoa zen, baina orduko osasun egoera tarteko, alde batera gelditu zen. Kultur etxetik oroitarazi dutenez, martxoko emanaldirako erositako sarrerak ez dute balio izanen honetarako baina orduko sarreren dirua Kultur Etxean itzuliko dute, osorik. 

Edukiera dagokionez, aldi honetan mugatuagoa izanen da. Kultur etxetik ohartarazi dutenez, «eserlerku bat beteko da eta ondokoa ez, hiruzuloka jarrita. Hala eginen da elkarrekin bizi diren familia-unitateen kasuan ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun