Nola aurkeztuko zenukete zeuen burua?
Bizitzari umorez aurre egiten saiatzen garen hiru eroskilo gara. Umorea izan dadila gure bizitzako perrexila!
Zein dira zuen zaletasunak?
Mahai inguruko saltsa gustatzen zaigu, eta egoera berezi honetan gel hidroalkolikoa gure otorduetan sartzekotan gara (irri artean).
Igantziko berriemaile zarete maiatzaz geroztik. Nola elkartu zineten hirurak?
Igande tonto batean, marianitoa hartzen ari ginela, elkar zirikatu genuen eta hementxe gara.
Zergatik erabaki zenuten herriko berriemaile izatea?
Pentsatzen hasita... guk ere ez dakigu!
Nolako esperientzia izaten ari da?
Kafe baten bueltan irri ederrak egiten ditugu berriak bilatzen, eta horiek nola idatzi ezin adostu.
Herri ttikia da Igantzi. Hala ere, azken hamar urteetako bilakaerari begiratuz, biztanleriak goiti egin du...
Ez da harritzekoa! Oraindik ez duzue herria ezagutzen? Igantzi aski herri polita da bere osotasunean.
Herriko bizitasunean sumatzen da igoera hori?
Dudarik gabe! Hementxe gabiltza segurtasun distantzia ezin mantenduz...
Erraza izaten al da herriko berriak biltzea?
Bai, auzoetan banatuak ditugun arduradunei esker, berri fresko-freskoak izaten ditugu.
Koronabirusak ekitaldi guztiak bertan behera uztea eragin du. Horrek gauzak zaildu dizkizue?
Azken aldi honetan, berri guztien sarrera horrelako esaldi batekin hasten dugu: 'egoera berezi hau dela eta...' (irri artean). Eta berriak ere eskas antzera izaten ditugu... Egia erran, gustura emanen genuke sarrera hori erabili beharrik ez duen edozein berri!
Nola bizi duzue bestarik gabeko urte hau?
Hori ere badugu! Baina... bestarik ez da?
Zer du Igantzik bertze herriek ez dutena? Eta zer falta zaio?
Igantziar azkarki! Eta falta... aurten sanmigelak falta izan ditugu.