Asteburuetan lan guttiago badute ere, astegunez ez dute hainbertze sumatu eragina. «Astegunez langileak dira gure bezero nagusiak eta enpresak irekita daudenez, eragina ez da hainbertzerakoan izan. Lehen egunean 100 bat otordu ematen genituen, eta orain 70 bat izaten dira. Asteburuetan gehiago nabaritu dugu eta Gipuzkoako muga itxita egon zenean eragina oraindik handiagoa izan zen».
«Gobernuaren neurriak hirietako ostatuei begira hartutakoak dira eta bulegoan hartutako erabakiak».
Neurrien harira ere aritu da beratarra eta gobernuaren aginduak «hirietako ostatuei begira» hartutakoak iruditzen zaizkio, eta «batzuk neurrigabeak» direla dio: «bulegoan hartutako erabakiak dira, beti batzuengan bakarrik pentsatuta eta ostalariekin solas egin gabe onartutakoak». Horregatik eskatu die instituzioei «gure ahotsa aditzeko».
Gainerakoan, ez direla seinalatuak sentitu aipatu digu: «ostalaritza baino gehiago gazteak izan dira begiz jotakoak». Seinalatuak ez, baina sektorean «ziurgabetasuna» sumatzen du eta «etorkizuna zalantzatia» ikusten du. Are gehiago, «ostalaritza gehiago zorroztuko dutela» iruditzen zaio: «turismoarekin ekonomia mantentzeko uda pasatzen utzi dute baina turistak joaten direnean, neurri zorrotzagoak hartuko dituztela pentsatzen dut». Eta hala, murrizketa gehiagorekin, «ostatu ttiki aunitz ixteko» arriskuan ikusten ditu beratarrak.
«Turismoarekin ekonomia mantentzeko uda pasatzen utzi dute baina turistak joaten direnean, neurri zorrotzagoak hartuko dituzte».
Euren kasuaz ere aritu da: «jatetxea itxita egon zen garaian, laguntza ekonomikoa jaso genuen eta ongi samar gaudela erraten ahal dugu, baina hamaika langiletik bik ERTEn segitzen dute eta erne ibili behar dugu». Berak pertsonalki ostatutik kanpo «jendearekin harremanak murriztu» dituela onartu digu, «positibo emanez gero eta ostatuan zabalduz gero, dena hankaz goiti geldituko litzateke. Hori da gure arazorik handiena. Fabriketan positibo kasuak agertzen direnean, ez dituzte ixten, baina ostatuetan agertzen badira, segidan ixten dituzte».