PETTI

«Musikatik bizi nahiko nuke, baina baldintza duinetan»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 2a, 07:00
'Manipulazio estrategiak' lana aurkezten ari da Petti. Argazkiak: Joseba Barrenetxea

Petti, Berako musikaria

Azken diskoa argitaratu zuen udaberrian Pettik 'Manipulazio estrategiak' izenburuarekin. Bere bakarkako ibilbidean azken lana duela iragarri du beratarrak.

Manipulazio estrategiak izenburuko lana da Pettik (Bera, 1973) argitaratu duen azkena. Petti gisa bere azken lana, musikako bakarkako ibilbideari amaiera emanen baitio lan honekin. Chomskyren pentsamendua, Harkaitz Canoren poesia eta Pettiren musika, hirukia oinarri dituen disko borobila osatu du beratarrak. Oinarriari forma emateko ondoan izan ditu Etxeko uzta (Joseba Irazoki eta Igor eta Iñigo Telletxea), Et incarnatus hari-laukotea, Juantxo Zeberio teklatuarekin, Gorka Benitez saxoarekin, Toño Muro eta Angel Unzu gitarrekin  eta Maite Larburu koroetan. Udaberrian eskaini behar zuen aurkezpen kontzertua eginen du udazkenean, urriaren 4an Bilboko Guggenheim museoan.

Diskoa osatu aitzinetik argi zenuen azkena izanen zela?

Argi ez, baina buruan zegoen ideietako bat zen diskoa prestatzen ari nintzen bitartean. Horregatik egin nahi nuen disko osoago eta beteago bat. Musika guztiz uztea ez dut pentsatua, baina Petti bezala hau da nire azken lana.

Zerk eraman zaitu hori erabakitzera? 

Musikari izanda bizitzea hagitz zaila dago. Bizimodu honekin ez duzu segurtasun ekonomikorik, kontraturik gabeko lanak izaten dira gehienak eta azkenean hobea da lan kontuetan zerbait finkoagoa eta seguruagoa izatea etorkizunari begira. Alegia, musikak gaur egun ematen ez didanak ekarri nau honaino.

Berria egunkariko elkarrizketa batean harakin bezala lan egin nahi zenuela irakurri genuen.

Lehen ere harakin bezala lan egindakoa naiz eta horretan aritzea gustatuko litzaidake. Ez duzu fabrikan bezala egun osoz gauza bera egiten, ez da hain monotonoa eta hori gustatzen zait. Nik musikatik bizi nahiko nuke eta jarraitzea gustatuko litzaidake, baina baldintza duinetan.

Zer da musikaria izatea?

Jendeak uste du musikari izatea astean behin ordubete edo ordu eta erdiko kontzertu bat ematea dela eta gero hurrengo kontzertura bitartean jainkoak bezala bizi zarela. Ez dira konturatzen gibelean dagoen lan guztiaz. Kontzertu batetik bertzera entseguak izaten ditut, taldearekin edo bakarka, alde batetik bertzera ibili behar dut eta horrek ez du baliorik.

Jendeak ez du ikusten lanbide bezala eta aunitzetan ez dute ordaindu nahi izaten. Etxetik ateratzeak gastu bat du: gasolina, peajeak, gitarraren sokaren bat puskatuz gero konpontzea, klaseak hartze… Gauza bat da musikarekin ez irabaztea, baina bertzea da galtzea.

«Kultura ez dela arriskutsua erakusten ari gara»

Azken diskoa izanik desberdina izan da?

Mimo aunitzez gehiagorekin prestatu dut, disko borobila nahi nuelako. Jende aunitz dago tartean, musikari bikainak guztiak, betiko lagunez gain orkestra bat ere badago. Orain arte bakarka edo Etxeko Uztarekin egin ditut diskoak eta honetan ur handiagoetan sartu naiz.  Orkestra batekin grabatzeko konpositore bat behar da, bere denbora eta dirua eskatzen ditu. Lan egiteko modua eta erritmoa desberdinak izan dira.

Zergatik Manipulazio estrategiak?

Noam Chomsky pentsalariak egindako hausnarketen gainean Sylvain Timsitek idatzi zituen manipulazio mediatikoaren hamar estrategiak. Bertan azaltzen ditu manipulaziorako medioek erabiltzen dituzten hamar estrategiak zein diren. Azken batean mediatikoki gurekin nahi dutena egiten dute. Jende guztiarekin ez, baina Internetekin eta prentsarekin hori lortzen dute, manipulatzea. Chomskyren mezu hori zen azaleratu nahi nuena. Jendeak ezagutzea, jakitea nolako munduan bizi garen eta norbaiti zerbaiterako balio badio, gustura egindako lanarekin.

Pandemia aitzinetik egina izan arren, diskoak zentzu berezia hartu duela diote.

Chomsky egunero aipatzen dugu orain, baina aitzinetik sekulako egunerokotasuna zuen gaiak. Ez da pandemiaren kontua bakarrik, aspalditik mugikorraren bitartez hagitz kontrolatuta gaude. Badakite non gauden, zer egiten dugun: errepideko bide sari bat ordaintzerakoan badakite nondik eta ze ordutan pasatu zaren, txartelarekin ordaintzen dugunean, oporretara joaten garelarik... Hori guztia ez da oraingo kontua, urteak daramatzagu horrela, baina ez gara konturatzen. Pandemiak gehiago azaleratu du egunero bizi dugun zerbait eta diskoak hori azaltzen du. Gertzatzen zaizkigun gauzak eta nola kontrolatzen gaituzten.

Letrak Harkaitz Canok egin ditu, nolakoa izan da elkarlana?

Lehenagotik ere letra batzuk egin izan dizkit, baina hau zailagoa izan da. Disko osoa bere hitzekin osatua dago. Hamar estrategiak hartu, berridatzi, bere terrenora eraman eta poesia bihurtu ditu. Musikatzerako orduan hasi zen elkarlana. Parterik zailena izan da batetik letren metrika eta musika estiloa uztartzea. Bertzetik hitz bat, esaldi bat edo bertso bat gehiago sartu, aldatu ala kentzea. Erabaki horiek elkarrekin hartu ditugu.

Petti moduan argitaratuko duen azken lana dela erran du Berako musikariak. Argazkia: Joseba Barrenetxea

 

Diskoak ezin banatu gelditu zinen. Zer sentimentu pilatu zitzaizkizun?

Desilusioa izan nuen, bi urteko lana eta aurkezteko tenorea ailegatu zenean ezin deus egin. Frustrazio puntu bat izan nuen, baina urteekin ikasi dugu gauzak sobera gaizki ez hartzen eta ezin bada esperatzen.

«Mediatikoki gurekin nahi dutena egiten dute»

Erritmoa galduarazi zizun?

Guztia fresko genuen, hitz guztiak buruz bikain nekizkien  eta sekulako gogoa jende aitzinean jartzeko. Denbora pasatzen ari zen bezala nik ez nuen batere gogorik diskoa berriz entzuteko. Denborarekin buruan duzuna ere moteltzen joaten da eta herdoildu ere bai. Berriz jotzen hasi naizen arte ez dut gogorik izan kantuan hasteko eta orain komeriak freskotasuna berreskuratzeko. Kontzertuak eman ahala joan gara erritmoa hartzen.

Nolakoa izan da itzulera?

Hagitz gustura nago eta jendea ere hori erraten ari da. Lesakan egin genuen lehenbiziko kontzertua taldeko guztiek elkarrekin eta hagitz ongi atera zen. Gu gustura aritu ginen eta jendeari ere hori transminitzen saiatu ginen.

Bakarka ere aurkeztu duzu diskoa?

Zaila da hamar lagunek egindako lana bakarrik defenditzea. Saiatzen naiz kanta bakoitzaren mezua ahalik eta hobekien transmititzen. Nahiz eta desberdina izan, jendeak ongi hartu du. Orain berriz ere taldearekin izanen ditugu emanaldiak eta bertze salto bat izanen da aurkezpenekin. 

Bukaera datarik jarri duzu?

Egitea kosta zaigun guztiarekin ongi aurkeztu beharko dugu. Diru eta lan aunitz  jarri dugu eta oraintxe bertan ez dugu utziko. Hurrengo urterako bertze kontu batzuetan sartzea espero dudan arren. Orain ere bizi aldaketa dut, aldaketa garai hau pixka bat aprobetxatuz IruÒera noa bizitzera, hiriburura. Lan normal bat topatzen saiatuko naiz eta ikusiko dugu. Balerdi Balerdi taldearekin jotzen jarraituko dut eta seguru bertze saltsaren batean sartuko naizela. Errandakoa, ez dut musika erabat utziko.

Kultura lehendik zaurgarria zen, orain egoera makurrean gelditu da.

Ni zortea izaten ari naiz, bakarka kontzertu batzuk egiten ari naizelako. Baina bai, inguruan hagitz egoera zailean dago jendea, musikariak zein teknikariak. Zerbait aldatzeko zer edo zer egin ahalko bagenu eginen genuke, baina ezin da deus egin. Erakundeen aldetik ikusten ari gara kultura nola tratatzen ari diren, batzuk ari dira laguntzen  saiatzen. Lesakako kontzertuan ikusi genuen kultura segurua dela eta hori leku guztietan egiten ahal da. Baina erakundeek ez dute nahi, bertze gauza garrantzitsuagoak dituzte. Kultura ez dela arriskutsua erakusten ari gara, baina betikoan gaude. Eurek dira eskua eta gu txotxongiloak gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun