GORKA RODRIGUEZ ETA JOSERRA LOPEZ

«Bistakoa da neurriek haurren garapenean eragin negatiboa dutela»

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 1a, 09:00
Gorka Rodriguez eta Joserra Lopez, Hatsa hezkuntza komunitateko kideak.

Gorka Rodriguez eta Joserra Lopez, Hatsa hezkuntza komunitateko kideak

Hatsa elkartearen ustez, haurren kutsatze tasa eta sintoma arinak kontuan hartuz, Hezkuntza Departamentuak hartutako neurriak ez dira egokiak. Horiek «aldatzeko» lanean ari dira

Haurren bizi-premiak ardatz  dituen hezkuntza aldarrikatzeko, abuztu hondarrean sortu zuten Hatsa elkartea, Baztan- Bidasoko Hezkuntza Komunitate Batzarra.

Pandemiaren aurrean, Hezkuntza Departamentuak zehazturiko neurriekin bat ez zetozelako eman zituzten lehenbiziko pausoak: «araudia betez, haurren beharren kontra egiten delako eta neurri horiek haurren garapenean ondorio negatiboa izanen dutela bistakoa delako».

Hatsa elkarteak «kontinjentzia planean ezarritako neurriak berriz aztertzeko eta aldatzeko» eskatu du: «haurren kutsatze tasa frango baxua da eta oso sintoma arinak dituzte. Halere, eurak dira konfinamenduan eta eskolan ondorio larrienak pairatzen dituztenak».

Hori aldatzeko lanean ari dira: «gure desadostasuna adierazteko sinadurak bildu, herriz herri bilerak egin eta lanean segitzeko hiru lantalde osatu ditugu...».

Noiz, nola eta zergatik sortu zen Hatsa plataforma?

Plataformaren lehenengo bilera abuztuaren 31n egin genuen. Hainbat irakaslek pentsatu genuen ikasturtea hasi aurretik ongi legokeela elkartzea kontinjentzia planean aurreikusitako neurriekin bat ez gentozelako. Hasierako bilera deialdia irakasleei zabaldu genien arren, hainbat guraso ere etorri ziren.  

«Irakaskuntza akademikora eraman nahi gaituzte»

Zenbat kide zaudete plataforman?  

Bilera gehienetan (bost orain arte) 20 lagun inguru elkartu gara. Kopurua hasieratik berdintsua da, nahiz eta parte- hartzaileak beti berberak ez izan.

Hezkuntza Departamentuak hartutako neurriekiko desadostasunak bultzatuta sortu zenuten...

Neurriak gehiegizkoak dira, Covid-19ak haur eta gazteengan duen eragin eskasa ikusita. Gaixotasun horri buruzko egungo ezagutzaren eta azken ikerketen emaitzen arabera, haurrak gutxitan gaixotzen dira eta gaixotzen direnean oso sintoma arinekin. Euren kutsatze maila ere helduena baino askoz baxuago da. Beste aldetik, ezarritako neurri horietan ez dago irizpide pedagogiko bakar bat ere. Osasunaren izenean, urteetan eskoletan egindako lan kooperatiboa, emozio hezkuntza, berdintasunaren aldeko hezkuntza... alde batera uzten da eta garai zaharretako irakaskuntza akademikora eraman nahi gaituztela dirudi. Bestalde, eskola batean egon den edonork jakin badaki neurri horiek guztiak aurrera eramatea ia ezinezkoa dela, polizia lana etengabe egiten ez badugu, bederen. 

Haurren bizi-premiak ez direla kontuan hartu adierazi duzue...

Haurrek mugitzeko, elkar ikutzeko, emozioak adierazteko, askatasunean eta beldurrik gabe hezi eta hazteko beharra dute. Neurri hauek guztiek, araudian agertu bezala ezarriz gero, behar horien kontra jotzen dute. Ikasleek 1,5 metroko distantzian egon behar dute, elkar ezin ukitu ezta materiala partekatu ere. Euren adierazpena ezkutatzen duen musukoa jantzita eraman behar dute eskolan dauden ordu guztietan (Gorputz Heziketako salbuespenarekin). Jolasean ere elkar ukitu gabe eta ondoko taldeetako ikasleekin jolastu gabe aritu behar dute.

«Musukoa ez litzateke eskolan erabili behar»

Zer albo-kalte eragin ditzake neurri horiek aurrera eramateak zuen ustez?

Alde batetik, beldurra. Kontutan hartu haurrei musukoa jantzita eraman eta ondokoengatik metro eta erdira behar dutela esaten zaiela. Arau horiek bete ezean jendea hil daiteke. Beraz, begira a zer nolako erantzukizuna haurrentzat. Are gehiago arau horiek ezin izanen dituztela bete jakinda. Beste alde batetik, ondokoekin ukitu gabe, jolastu gabe, aurpegia ikusi gabe denbora luzez egon behar izateak zer nolako ondorioak ekarriko dituen ezin dugu segurtasunez esan, baina begi-bistakoa da beraien garapenean eragin negatiboa izanen dutela... 

«Kontinjentzia plana kontraesanez josita dago»

Betebeharrak zorrotzak ez ezik, kontraesanez beteak direla diozue...

Kontraesanak maila guztietan daude:

  • Ikasleak ezin dira beste taldeetako ikasleekin nahasi, ezin dute elkarrekin jolastu baina… autobusean, elkarren ondoan joan daitezke... Jantokian elkarren ondoan egon daitezke (metro eta erdiko distantzian ahal denean), musukorik gabe...
  • Irakasleok neurriak bete eta betearazi behar ditugu. Hori egin ezean espedientea zabalduko digutela jakinarazi digute. Baina administrazioa baldin bada neurriak betetzen ez dituena ez da deus gertatzen. Neurri horietariko bat ikasleen arteko metro eta erdiko distantzia egotea da. Baina gela askotan ezin da bete… Kasu hauetan neurria ez betetzeak ez dakar ondoriorik.
  • Ikasleek, Lehen Hezkuntzan, hamaiketakoa gelan hartu behar dute. Bi edo hiru saio gelatik mugitu gabe egon ondoren, patio garaia iristen denean hamaiketakoa gelan hartu behar izateak zer dakar? Momentu horretan ikasleek musukoa kendu eta gosaldu bitartean elkarren ondoan egoten direla solas eta jolas. Ez al da osasuntsuagoa patioan egitea?
  • Kontinjentzia planetan ikasleek hamaiketakoa jan ondoren mahaiak desinfektatu beharko zituztela ezarri zen. Gauza bera, ordenagailuak erabili ondoren. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak desinfektatzaileak igorriko zizkigula jakinarazi zigun. Baina aste batzuk beranduago mahaiak desinfektatzailearekin garbitu beharrean urarekin garbitzeko esan zigun. Urarekin garbitzea aski bada, zertarako ari gara etengabe gel hidroalkolikoa ematen? Zenbait ikasle eta irakasle azaleko arazoak izaten hasiak dira...
  • Kontinjentzia planetan behin eta berriro esaten zaigu ezin dela materiala partekatu. Ikasle bakoitzak berea izan behar du eta gelako materiala komuna ezin da erabili. Baina bat- batean esaldi bakar batean jartzen du ezinbestekoa denean materiala partekatu ahal izanen dugula. Bai ala ez? Zertan gabiltza?
  • Positibo ematen duten ikasleak etxean geratu beharko dute euren gurasoetariko batekin. Kasu honetan gurasoari baja luzatuko zaio. Positiboa eman duen ikaslearen ikaskideak ere etxean geldituko dira baina positiboa eman ezean edo emaitzaren zain dauden bitartean gurasoek ezinen dute bajarik hartu eta seme-alabak zaintzeko soldatarik gabeko baimena edo oporretako egunak hartu beharko dituzte. Egoera askotan errepikatuz gero, guraso horien soldata ezerezean geldituko da.
  • Ikasturteko lehen egunera arte musukoa erabiltzea derrigorrezkoa zela esan ziguten behin eta berriz. Baina hasi bezperan aldaketa baten berri eman ziguten. Gorputz Heziketako klaseetan ez da derrigorrezkoa izanen. Ezin zuten hasieratik erabaki? Dirudienez, aktibitate fisikoa eta musukoa erabiltzea ez dira bateragarriak. Hori bagenekien. Izan ere, kalean ere den-denek musukoa erabili behar dugu, kirola egiten dugunean izan ezik (a, eta ostatuetan gaudenean ezik). Beraz, logikoa zen Gorputz Heziketako klaseak salbuetsiak egotea. Baina, zergatik ez patio ordua? Hor ere, ikasleak korrika eta jolasean aritzen dira Gorputz Heziketan bezala.
  • Ostatuak aipatu ditugunez… Ostatuetan jendea egon daiteke elkarren ondoan musukorik gabe. Bai, egia da, gehienez seiko taldeetan. Ados, jar ditzagun ikasleak seiko taldeetan eta ken ditzagun musukoak.

Askok ratioak jaistea proposatu dute konponbide gisa. Zuen ustez, ordea, horrek ez du deus konpontzen... Zein da hori aurrera eramateko proposatzen duzuena?

Gu ratioak jaistearen alde gaude, jakina. Baina ez ikasleen arteko distantzia betetzen dela bermatzeko edo irakasleak bere polizia papera hobeto bete dezan. Ez. Jakina da ratio txikiago duten geletan irakaskuntza pertsonalizatuagoa izaten dela eta ikasleekiko arreta handiagoa. Honek irakaskuntzaren kalitatean eragiten du, bete-betean. Gure ustez, musukoa ez litzateke eskolan erabili behar, ezta ikasleen arteko distantzia ezarri ere.  

Birusak haurrengan duen eragin txikiaz ere aritu izan zarete... 

Ikerketek diotenez, haur eta nerabeengan birusak eragin txikia izateaz gain, gaixotzen direnean oso sintoma arinak dituzte eta euren kutsatze tasa  helduena baino baxuagoa da.

«Birusak haurrengan eragin txikia eta arina du»

Zer da Hezkuntza Departamentuari eskatzen diozuena?

Ikasleak lanean, banaka, bata bestearengandik urrun daudenean, musukoa janztea derrigorrezkoa ez izatea, hamaiketakoa kanpoan jatea eta atsedenaldian musukoa derrigorrezkoa ez izatea.

Zein izan dira orain artean eman dituzuen pausoak?

Astero egiten dugun bileraz gain, sinadura bilketa hasia dugu eta Facebook eta Telegramen kanalak (HATSA-Baztan Bidasoako Hezkuntza Komunitate Batzarra) ireki ditugu. Hortaz gain, hiru lantalde sortu ditugu helburuak aurrera eramateko bideak diseinatzeko asmoz.

Hurrengo bilerak non eta noiz eginen dituzuen aurreikusi duzue?

Orain arte, ostegunetan elkartu gara: Bortziriak, Malerreka, Bertizarana eta Baztanen. Horrela segituko dugu seguru aski. Txandaka. Gure bileretan parte hartzeko interesa dutenek, aski dute Telegram edo Facebook-en begiratzea, bertan argitaratuko baitugu non eta noiz elkartuko garen.

Batzarrean parte hartu duten beste askok zuekin bat egin dute... Zenbat sinadura bildu dituzue?

Sinadurak biltzeko epea zabaldu genuen leku askotatik esan zigutelako denbora gehiago behar dutela sinadurak biltzen bukatzeko...

Zein izanen dira hemendik aurrera emanen dituzuen pausoak?

Gure asmoa jasotzen ditugun sinadurak Hezkuntza Departamentura eramatea da, horrela gure desadostasuna jakinarazi nahi dugu. Bestade, esan bezala, hiru lantalde osatu ditugu. Poliki-poliki gero eta gauza gehiago eginen dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun