Laminaciones de Lesakaren ondorengo enpresetako batek langile baten amiantoaren ondoriozko heriotza onartu eta familiari kalte-ordaina eman dio

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 30a, 07:00
Laminaciones de Lesakaren jardueraren ondorengoak, ARCELOR MITTALek, amiantoak eragindako kalteak zuzentzeko beharrezko neurriak har ditzan eskatzeko elkarretaratzea egin zuten Iruñean.

Asteartean epaiketa bat egitekoa zen Iruñeko Justizia Jauregian, Laminaciones de Lesaka zaharreko langile baten amiantoagatiko heriotzaren kalte-ordainaren eskaerari buruz. Hala ere, bista egin baino lehen, akordioa lortu zen: Laminaciones de Lesakaren ondorengo enpresetako batek onartu du eginiko kaltea eta familiak eskaturiko diru kopurua emanen du kalte-ordainetan. Borroka legal honetan familiarekin egon den LAB sindikatuak, ontzat jo du akordioa, baina epaitegien ondoan elkarretaratzea egin zuen Laminaciones de Lesakaren jardueraren ondorengoak, ARCELOR MITTALek, amiantoak eragindako kalteak zuzentzeko beharrezko neurriak har ditzan eskatzeko.

Teo Vila, Laminaciones de Lesaka lantegian (gaur egungo Arcelor Mittal) 30 urtez aritu langilea, 2016ko otsailean hil zen amiantoaren eraginpean lan egiteak eragindako patologia baten ondorioz. Hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago diagnostikatu zioten gaixotasuna. Bat-bateko heriotzaren ondoren, familiak, LAB sindikatuarekin eta Zuzenki bulegoarekin batera,  borroka legal bat hasi zuen, haren heriotza gaixotasun profesionalaren ondoriozkotzat har zedin.

Urteetan amiantoa lantegian erabili zen arren, eta hori jakina zen arren, ez Laminaciones de Lesaka, ez eta horren ondorengo enpresetako bat ere, ez zegoen inskribatuta amianto-arriskua duten enpresen erregistro ofizialean (RERA).

Hala ere, Lesakako lantegian amiantoa non, zein garaitan eta zein modutan landu zen zehazteko eginiko lanari esker eta lankide aunitzen lekukotzari esker, Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuak ondorioztatu zuen litekeena zela Teoren heriotza izatea Laminaciones de Lesakan amiantoaren eraginpean lan egitearen ondorio.

Txosten horrek balio izan zuen Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuak emandako Teoren heriotzaren jatorri profesionala aitortzeko; horren ondorioz, alargunaren alargun-pentsioa handitu egin zen.

Era berean, demanda bat aurkeztu zen kalte-ordain bat erreklamatzeko. Demanda horren epaiketa irailaren 29an egitekoa zen, baina ez da egin lehenago akordio bat erdietsi baita. Izan ere, ondorengoetako enpresa batek, COFIVACASAk, 133.000 euroko kalte-ordaina aitortu eta ordaindu dio alargunari, eta 27.000 euroko kalte-ordaina alabari; horiexek ziren familiak eskatzen zituen zenbatekoak.

Oraindik bertze epaiketa bat falta da. Horren bidez, enpresak segurtasun neurriak ez betetzeagatik jasotako prestazioen errekargua onartzeko eskatzen da. Hori, ziur aski, heldu diren hilabeteetan gertatuko da.

 

LAB sindikatutik, aipatutakoaren arabera, «espero dugu eta eskatzen dugu Teoren heriotzak balio izatea berriz ere gogorarazteko Lesakako Laminazioetan ehunka langile amiantoarekin harreman estuan eta zuzenean egon zirela urte askoan, eta eskatzeko Laminazioen egungo enplegatzaile eta oinordekoak, ARCELOR MITTALek, behar diren neurriak har zitzala honetarako:

  1. Lantegiko instalazioetan amiantoa duten lekuak zehaztea eta haietatik amiantoa kentzea.
  2. Amiantoaren eraginpean neurri batean edo bertzean egon diren langile aktiboen eta erretiratuen zerrenda egitea.
  3. Amiantoaren eraginpean egon ziren langileen osasuna prebenitu eta zaintzeko plana prestatu eta ezartzea, aldizkako azterketa medikoen bidez.

Azken finean, gaur gertaera garrantzitsu bat ospatzen ari gara, baina ezin dugu atzendu oraindik lan asko dagoela egiteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun