«Parke eolikoa eta auzotarron bizimodua edo auzoa ez dira bateragarriak. Bietako bat soberan dago». Hori argi utzi nahi izan du Agoitz Iratzoki Altzugarai Lesakako Auzoberriko bizilagunak eta Endara Bizirik plataformako kideak. Berak bezala, auzotarrek eta herritarrek kezka handiz hartu dute Nordex enpresak Lesakan egin nahi duen parke eolikoaren proiektua, eta geldiarazteko «argudio onak eta arrazoi nahiko» badituztela dioen arren, «handiekin ezin da jakin, eta ezezkoa erran arte beldurtuak segituko dugu».
Agoitz Irazoki, Endara Bizirik plataformako kidea.
11 haize errota dira Nordex enpresak Lesakako Auzoberri auzoan paratu nahi dituenak, Iratzokiren arabera, «Nordexek egiten dituen haize erroten artean handienetarikoak dira, 120 metroko altuerakoak eta hegala goian denean 197 metro dituztenak». Gehiago ere bai: «haize errota bakoitzak 25 metroko hormigoizko oinarria izanen luke, bertze hainbertze libre eta 30x40 metroko parkinga. Dena mendi kasko batean egin nahi dute, atera kontuan zenbat kendu beharko lioketen mendiari». Gisa berean, «sei metro zabaleko pista» aurreikusi dutela oroitarazi du, baita «haize errotak lur azpitik kable eta hodi bidez lotuak» egonen liratekeela ere: «horretarako egin beharko luketen lur mugimendu guztia kontuan hartu behar da. Azpiestazio bat ere izanen genuke...», dio. «Hori guztia 40 lagun bizi garen 22 baserriren inguruan».
Uda mugitua
Proiektuaren berri izan orduko hasi ziren auzotarren harat-honatak. Ladis Satrustegi Altzugarai Lesakako alkateak adierazi duenez, «maiatzaren 18an jaso genuen Nordex enpresak egindako memoria Nafarroako Gobernuaren jakinarazpen baten bidez». Aitortu digu «harridura handiz» hartu zutela, «proiektuaren berri izan genuen lehenbiziko aldia baitzen». «Proiektu handia» zela ikusita, «egun batzuk behar izan genituen informatu eta nondik jo aztertzeko. Kontaktu tekniko eta politiko batzuk ere egin genituen».
Notizia beranduago ailegatu zen auzotarrengana. Iratzokik ongi gogoan du eguna: «ekainaren 4a izan zen, sare sozialen bidez». Asteburu berean osatu zuten Endara Bizirik plataforma: «batekin eta bertzearekin mintzatuz auzo guztia kontra ginela konturatu ginen eta ekainaren 7an bilera egin eta plataforma sortu genuen».
«Hunkigarria izan da hartu dugun babesa».
Agoitz IRAZOKI, Endara Bizirik plataformako kidea
Taldea osatu orduko, «komunikabide eta sare sozialen bidez gure jarreraren berri» eman zuten. «Gero, proiektua aztertu ondotik, hurbileko baserri auzoetan jendeari informazioa zabaltzen hasi ginen: Zala, Nabaz, Katazpegi, Endara-erreka, Alkaiaga, Zalain-Zokon...». Auzoz auzo informazio bilerak egin ondotik, Lesaka herrira jo zuten: «Lesakan ikaragarrizko harrera eta babesa izan genuen, hasiera-hasieratik denon arazoa dela ikusi zuten eta arront eskertuak gaude». Hala, «herritarren eta herriko merkatarien aldetik jasotako laguntza eta babesa hunkigarriak» izan direla dio.
Bortzirietan herriz herri ere bilerak egin zituzten eta handik Oiartzunera, Oreretara eta Irunera jo zuten: «harrera izugarria izan zen».
Proiektua han eta hemen aurkeztuz pasatu dute uda, baita sinadurak biltzen ere eta «kontent» gelditu dira erantzunarekin: «gure hasierako asmoa 1.000 sinadura biltzea zen eta aurreikuspenak aise gainditu ditugu. 3.433 sinadura izan dira eta horietatik 1.300 herrian bildutakoak».
Udalarekin elkarlanean
Plataforma eta udala ere agudo hasi ziren elkarlanean: «bi udal taldeak plataforma osatu zuten bizilagunekin elkartu ginen eta ordura arte genuen informazioa elkarbanatu eta bakoitzaren jarrerak zeintzuk ziren azaldu genituen», aipatu digu alkateak. «Denok helburu bera» genuela ikusitakoan, «pleno bidez proiektuaren aurkako mozio bat onartu genuen aho batez, eta gai hau lantzeko batzorde bat osatu genuen». Bi udal taldeetako hiruna ordezkarik eta plataformako bertze hiru kidek osatzen dute batzordea.
Satrustegirekin batera, batzorde horretako kidea da Iratzoki eta «bi udal taldeen konpromiso izugarria» nabarmendu nahi izan du: «Auzoberri ez da sekula egon hain ataka estuan eta bi udal taldeek hasieratik bat egin dute gurekin. Batzordea proiektuaren aurka egiteko erreminta bihurtu da eta udalaren jarrera ere eskertu nahi dugu».
Esker ona ez da aldebakarrekoa. Satrustegik «Endara Bizirik-ekoak zoriondu eta eskertu» nahi izan ditu: «ez da batere erraza egin duten lana, hainbertze lagun modu horretan mugiaraztea. Ordu aunitz sartu eta esfortzu handia egin dute, eta izandako emaitza lortzeko egin duten modua eredugarria izan da. Auzolanaren adibide garbia izan dira».
Udala ere kontra
Auzotarren gisa, udalak ere ez du begi onez jo parke eolikoa: «proiektuaren memoria leituta, segituan ohartu ginen gabezia nagusienaz: Lesaka eta lesakarrak kontuan hartu gabe egindako proiektua da, guztion ondare diren mendiak enpresa pribatu baten interesetarako erabili nahi dituzte». Alkatearen hitzetan, «lesakarrontzat gune hagitz bereziak dira mendi horiek, eta hor dauden ondare kultural, historiko eta naturalez gain, biziberritzen ari den auzo oso bati zuzenean eragiten dio, hauen bizi kalitatea ikaragarri kaltetuz».
Bide batez, herrian sumatzen diren kontuez ere aritu da Satrustegi: «ostatuetako elkarrizketetan ideia eta zurrumurru aunitz aditzen dira: dirua utziko duela, bertakoentzat lana sortuko duela...». Horiei erantzun nahi izan die: «guk leitu dugun proiektuan ez da horrelako deus ere aipatzen eta proiektuan paratzen duenari egin behar diogu kasu, eztabaida antzu horietan eta hipotesietan sartu gabe».
Proiektuari erantzunez
Proiektuarekiko desadostasuna adieraziz, Nordexek Nafarroako Gobernuan aurkeztutako memoriari bateko eta bertzeko udalek eta taldeek erantzun diote. Lesakako Udalak, erraterako, txosten bat egin du. Satrustegik azaldu digunez, «Lesakako hirigintza plana kontuan hartuta, Nasuvinsaren laguntzarekin, batzordean garbi ikusi zen proiektuaren kontra jotzeko oinarriak bazeudela, lur horien erabilera mugatua baitago». Horren harira, «hirigintza planak horrelako azpiegiturak espresuki debekatzen dituela», gaineratu du Iratzokik. Hortaz gain, «11 haize errotetatik bederatzi herri-lurretan paratzeko asmoa dutela eta komunalek baimentzeko aukera udalaren esku uzten duen araudia berezia dutela», gogoratu du alkateak.
Plataformako kidearen hitzetan, «legea diferentea da etxebizitza bakartua edo herrigunekoa denean. Herrigunekoen kasuan, etxebizitzetatik guttienez mila metro behar dira haize errotak muntatzeko. Horixe zen gure hasierako kezka baina kasu honetan, Auzoberri auzo tradizionala denez, herrigunearen eskubide berak izanen lituzke. Hala ez balitz, haize-errotak bertatik bertara paratzen ahal izanen lituzkete, beti ere 50 dezibelio ailegatuko ez balira».
«Auzoberriren biziraupena kolokan dago»
Agoitz IRAZOKI, Endara Bizirik plataformako kidea
Bertzalde, alkateak argitu duenez, «ingurumenaren eta ondarearen inguruko iradokizunak, partikularrek egindakoak...» ere aurkeztu zituzten gobernuan, bildutako 3.433 sinadurekin batera, baita «inguruko herrietako udalek egindako kontrako txostenak» ere. Horren harira, Iratzokik «Oiartzun, Irun eta Errenteriako udalek egindako lan handia eta erakutsitako konpromiso izugarria» nabarmendu ditu: «Oiartzungo eta Irungo udalek gaia arront serio hartu eta proiektua Aiako Harriak parke naturalarekin muga-mugan izaki, hagitz txosten landuak egin dituzte euren kezka agertuz».
Enpresak adierazpenik ez
Nafarroako Gobernuarengana ere jo dute, eta alkateak dioenez, «gobernuko teknikoekin eta politikariekin» solas egin dute. Enpresako teknikari batzuekin bildu izana ere onartu du Satrustegik, «informazio lortzeko asmoz». TTIPI-TTAPAk ere jo du enpresaren atea, eta han eta hemen saiatu ondotik, «garatzen ari diren proiektuen inguruan adierazpenik ez dugu egiten» erranez erantzun dute.
Baditugu nahiko arrazoi proiektua geldiarazteko»
Ladis SATRUSTEGI, Lesakako alkatea
Auzoa «kolokan»
Uda mugituaren ondotik, auzotarrek «erne» segituko dutela erran digu Iratzokik, «ez baitugu onartzen energia berriztagarrien aitzakian zernahi eta nolanahi egitea». Proiektua geldiarazteko «nahiko motibo» ikusten ditu eta berak bezala, alkateak ere bai: «egin ditugun iradokizunekin biziki uste dut arrazoi nahikoak ditugula enpresaren nahiak geldiarazteko». Halere, Satrustegik berak adierazi du «azken hitza nork duen %100ean ziurtatzea zaila dela, denak baitakigu nola konplikatzen ahal diren gai hauek». Iratzokiren ustez, «enpresak hemen parkea egiteko duen interesaren arabera erabakiko du aitzinera segitu edo ez».
Batek zein bertzeak argi dute bidea eta, hemendik aitzinera, «badaezpada ere hurrengo fasea prestatzean» hasiko direla aitortu digu Iratzokik, «enpresak aitzinera eginen balu, ingurumen inpaktuaren txostena eginen luke eta hori aurkeztutakoan 30 eguneko epea izanen genuke alegazioak aurkezteko. Denbora gutti denez, lehenagotik mugitzea komeni da».
«Ez dugu onartuko proiektua inposatzea»
Ladis SATRUSTEGI, Lesakako alkatea
Alkatea «gure esku dagoen guztia» egiteko prest agertu da «erabakia hemen hartu dadin, eta ez dugu onartuko Nafarroako Gobernuak edo Nordexek proiektua inposatzea». Iratzokik, bere aldetik, argi du «Auzoberri auzoaren biziraupena kolokan» dagoela: «nor biziko da bueltan-bueltan haize errotaz inguratuta eta itota geldituko litzatekeen auzoan? Parke eolikoa muntatzen badigute arront zaila izanen dugu auzoan bizitzen segitzea. Gure belaunaldia joaten denean edo akaso lehenagotik ere hor ez da inor geldituko». Gerora gerta daitekeenaz ere ohartarazi nahi izan du: «50-60 urtez energia atera eta ez dakigu gero zer gertatuko litzatekeen, hori ez da legeetan ageri. Errentagarria bihurtzen ez denean dena betiko hor gelditzeko arrisku handia ikusten dugu».