IrriSarri Land-en jokatuko da VIII. Espainiako Disko Golf txapelketa urriaren 10 eta 11n

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 17a, 19:00

Hemezortzi saski ditu Irrisarriko disko golf zelaiak, Nafarroako bakarrak.

VIII. Espainiako Disko Golf Txapelketa jokatuko da joan den urtean inauguratu zen Igantziko IrriSarri Land-eko zelaian urriaren 10 eta 11n. Aitzineko edizioak Asturiasen burutu ziren eta aurten lehen aldiz Nafarroan lehiatuko da. Txapelketa BAXI Basajauna Disko Golf Elkarteak (BBDG) antolatu du, CRK Disc Golf-ek aholkularitzarekin.

Txapelketa Espainiako Disko Golf Elkarteak (AEDG) epaitzen du eta Disko Golf Elkarteko Txapelketa Profesionalen (PDGA - XC kategoriako proba) parte da. Txapelketan Galizia, Madril, Euskal Herria, Katalunia, Cadiz eta Asturiasko elkarteetako jokalari onenek hartuko dute parte eta honako kategoria hauetan jokatuko da: Emakumezkoentzako irekia, Sub-18, Sub-15, Master-a eta Grand Master-a.

Disko golfa golfaren antzeko kirola da, zutoinak eta pilotak beharrean disko hegalariak (frisbeea) eta saskiak behar dira. Europa Iparraldeko herrialdeetan kirol ezaguna da eta Nafarroan eta beste erkidegoetan ere urtetik urtera ezagunagoa da eta jarraitzaile gehiago dituena.

Izen ematea irailaren 20ra bitarte

Izen-emateko azken eguna irailaren 20a da eta webgunearen bidez egin behar da: irrisarrilandevents.com. Ezinbertzekoa da parte hartzailea Disko Golf elkarte bateko kide izatea. Izen-ematearen prezioa 20 eurokoa da helduentzat eta 10 eurokoa juniorrentzat.

Nafarroako lehen zelai profesionala

IrriSarri Land-eko Disc Golf zelaia, Igantziko izen bereko abentura parkearen eta landa resortaren barrenean dago, Nafarroako lehen disko golf zelai profesionala da. Estatu espainiarrean dagoen hirugarren zelai profesionala da, bertze biak Oviedon (Asturias) eta Mijasen (Malaga) daude.

Parkeko lursail eta maldetan banatuta daude 18 saskiak eta azken saskiak 140 metroko jaurtiketa-distantzia du. Zelaia Euskadisc Golf-ek diseinatu eta garatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun