Beti Gazte Elkarteak argazki lehiaketa antolatu du aurten ere

Beti Gazte Elkarteak argazki lehiaketa antolatu du aurtengoan ere Lesakako Udalarekin elkarlanean. Argazkiak posta elektroniko bidez soilik jasoko dituzte eta argazki erakusketa osasun egoerak uzten duenean eginen dutela esan dute. Nahiz eta azaroaren bueltan izatea aurreikusten duten.

Lehiaketan argazkiak ateratzea gustuko duen edonork har dezake parte. Gaia librea den arren, sari berezia izanen du kirol argazki onenak. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkez ditzake eta argazkiak koloretakoak zein zuri beltzean izan daitezke. JPG formatuan eta gehienez ere 1.200 pixeletako luzeera izanen dute.

Covid-19a dela eta ez da argazkirik kartulinan hartuko. Lanak fotobetigazte@gmail.com helbidera bidali behar dira urriaren 31a baino lehen. Argazki bakoitzari izenburua paratu beharko zaio eta gai libreko lehiara ala kirol argazki lehiara aurkezten den jarri beharko du. Argazkia bidaltzen den e-postan egilearen datuak bidali beharko dira. (Izen abizenak, helbidea eta telefonoa).

Antolakuntzak izendatutako epaileek erabakiko dute nor den irabazlea eta erakusketa zabaltzen den egunean erranen dute bere izena. Erakusketa epaimahaiak erabakitako argazkiek osatuko dute. Osasun neurriek uzten duten bitartean azaroaren 8tik abenduaren 6ra egonen paratuko dute erakusketa.

Lehen saria 375 euro eta trofeoa izanen dira eta bigarrenarentzat 275 euro eta trofeoa. Lesakar onenak 225 euroko saria jasoko du trofeoarekin batera, kirol argazki onenak bezala.  Egile bakoitzari sari bakarra emanen zaiola erran dute antolakuntzako kideek.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.


Izan zaitez harpidedun