Mugikortasun Plana lantzen ari da Lesakako Udala

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 8a, 20:00
Mugikortasuna hobetzeko zenbait neurri hartu ditu udalak azken hilabeteotan eta plana lantzen ari da orain.

Irailaren 14tik 25era herritarren iritziak jakiteko galdetegi bat betetzeko aukera izanen dute 16 urtez goitiko lesakar guztiek

«Mugikortasun arloan, Lesaka herri inklusibo eta jasangarri bat izateko bidean», herrigunean zenbait aldaketa burutu beharko liratekeela uste du Lesakako udalak eta asmo horrekin mugikortasun planaren idazketan murgildu da buru-belarri. Herrian oinezko eta bizikleta desplazamenduak sustatzea eta guztiontzako erosoa eta irisgarria den herri bateranzko saltoa ematea dira helburuetako batzuk.

Horretarako, udalak Hiritik at kooperatiba lagun duela, mugikortasun plana osatzeko prozesua jarri du martxan, eta herrian nola mugitzen garen aztertu, ditugun gabezi eta beharrak detektatu eta hauek oinarri hartuta epe motz-ertaineko erronkak mahai gainean jarriko dira.

Edonola ere udala jakitun da, herritarren iritzirik jaso gabe hau burutzea ezinekoa dela, hori dela eta prozesu parte-hartzailea jarri du martxan. Eman beharreko aldaketak, herritar ororen errealitateak kontuan hartuz, modu horizontalean eta elkarlanean erabakiak izan daitezen.

Prozesu parte-hartzailearen baitan, irailaren 14ean hasi eta irailaren 25a bitarte, 16 urtez goitiko Lesakan erroldatutako herritarrek galdetegi bat betetzeko aukera izanen dute. Honen bidez, mugikortasun ohituren inguruko informazioa jasoko da, neurri zehatz batzuen inguruko iritzia eman ahal izanen dute eta, azkenik, proposamenak luzatzeko tartea edukiko dute. Galdetegia bete ahal izateko bi bide zabalduko dira. Alde batetik, Lesakako udalaren web orrian zintzilikatuko da, bertan online bete ahal izanen delarik. Bertzetik, herriko zenbait komertziotan, Xagun, Orekan, Ogi berrin eta Izarra okindegian, paper formatuan eskuratu ahal izanen da, eta ondotik udaleko administraritzan entregatu beharko da. Datu pertsonalen eta bertan idatzitakoaren konfidentzialtasun osoa mantenduko da eta pertsona bakoitzak behin bakarrik erantzun ahalko du.

 

Eragileekin bilerak

Honetaz gain, lehen aipatu bezala, helburua herritar ororen errealitateak kontutan hartuko dituen proposamena definitzea denez, herriko kolektibo/eragileekin bilerak egiten ari da talde teknikoa. Hala nola, ikastetxeak, guraso elkarteak, udal langileak, arkitektoak, aniztasun funtzionala duten pertsonak, ostalariak, merkatariak, adinekoen elkarteak, eta gisakoak izaten ari dira elkarrizketatuak.

Ikerketa faseak urte bukaera arte iraunen du, behin informazio guztia jasotzen denean, talde teknikoaren lana izanen da hau guztia prozesatzea eta proposamenari forma ematea. Prozesuari amaiera emateko, aurkezpen ekitaldi bat burutuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun