Gure Txokoako Unai Garro txirrindulari beratarrak irabazi du 47. Lukingo Udala Saria

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 7a, 13:00
Unai Garro txirrindulari beratarrak lehen garaipena lortu zuen larunbatean Lukinen.

Kadete mailan lehiatzen ari diren Gure Txokoako bi txirrindulariak, Unai Garro eta Beñat Irazoki, bikain ibili ziren larunbatean Lukinen egindako proban. Garrok lehen garaipena lortu zuen.

Lukingo XLVII. txirrindularitza saria burutu zen irailaren 5ean. Kadete mailako txirrindulariek 52 kilometrotako ibilbidea osatu zuten. Irteera hartu zuten 85 txirrindularietatik, 55 txirrindularik bukatu zuten proba eta, horien artean, Unai Garro (Gure Txokoa) nagusitu zen, ordubete, 22 minutu eta 25 segundoko lanaren ondotik.

Aurten, uztailaren 26an bere herrian ospatutako Berako Txirrindularitza Sarian debuta egin zuen Garrok, eta bosgarren izan zen. Larunbatean, 23 lagunez osatutako talde bateko azkarrena izan zen helmugan, garaipen handia eskuratuz.

Beñat Irazokik ere maila hagitz ona erakutsi zuen eta azkenean 42. izan zen, irabazlearengandik 50 segundora helmugaratuz. Hurrengo hitzordua irailaren 12an izanen dute Tafallan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun