Luziano Mitxelena txirrindulari lesakarra bertze behin Espainiako txapeldun izan da

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 7a, 09:30
Luziano Mitxelena lesakarrak irabazi du aurten ere Espainiako master-60 txapelketa.

Master-60 B kategorian nagusitu zen larunbatean Mallorkan eta Patxi Meoki elizondoarra hirugarren izan zen Master-60 A kategorian

Luziano Mitxelena (Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta) txirrindulari lesakarra, berriro ere, bere mailako (Master-60 B) Espainiako txapeldun izan da, oraingo honetan Mallorkan irailaren 5ean egindako proban; Elizondoko Patxi Meokik (AEL) bere mailan (Master-60 A) brontzeko domina lortu zuen eta Elgorriagako Manu Ganboak (Baxurde TE) 23. postuan sailkatzea lortu zuen master-40 mailan. 

Aurten, Mallorkan jokatu ziren Espainiako master eta jubenil mailako txirrindularitza txapelketak eta asteazkenean, Baztan-Bidasoako espedizioa Balear Uharteetara abiatu zen egokitzapen ttiki bat egin eta ibilbidea ezagutzeko. Ibilbidea ez zen sobera gogorra, baina erritmo bizia eta haizea, itsasoaren gertutatsunaren ondorioz, erabakigarriak izan ziren; batez ere, txirrindulari indartsuendako ibilbide aproposa zen.

Larunbatean, goizeko 9:00etan, master 60 mailako txirrindulariendako txanda izan zen, Meoki eta Mitxelena ziren haien artean. Lasterketa ihesaldi batek erabaki zuen, baina txapelketa tropel nagusian erabaki zen. Meoki (AEL) tropeleko sprintean bere mailako, master 60-A brontzeko domina lortu zuen eta Mitxelena (Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta), nahiz eta azken igoeran segundu batzuk galdu, bere mailan, master 60-B, lehen postua eskuratu zuen, iaz Asturiasen egin zuen gisara. Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeko Luzianok erakutsi zuen bere taldeko txirrindulari beteranoena izan arren sasoiez eta gogoz jubenil mailako txirrindularia dirudiela eta hala izan dadila urte aunitzez. Goizeko 11:00etan, Manu Ganboaren (Baxurde TE) txanda izan zen eta tropel nagusian mantendu zen lasterketa guztian eta helmugan 23. izan zen; lasterketako maila ikusita eta atera ziren ia 150 txirrindularietatik gehienek lasterketa akitzerik izan ez zutela ikusita lastertketa ona egin zuen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun