Etxalarko udalak gaur egin duen lehen enkantean, usategietako 21 postuetatik 14 esleitu ditu 27.870 eurotan

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 5a, 17:30

Gaur eguerdian egin dute Kultur Etxean Etxalarko Usategietako postuen lehen enkantea. Denera 21 ehiza postu esleitzen zituzten eta horietatik 7 hutsik gelditu dira. Gainerako 14 postuengatik gutienez 27.870 euro bilduko ditu udalak. Izan ere, orain sesta emateko prozedura irekitzen baita, eta sei egun naturaleko epea izanen dute sasoi honetan Etxalarko Iarmendi mendira ehizatzera joan nahi dutenek gaur egin diren behin-behineko esleipenak hobetzeko. Horiek ikusita, hurrengo enkantea irailaren 15ean izanen da (asteartea) arratsaldeko 7etan.    Argazkiak: Jose Mari Telletxea

Bertze urtetan bezala, bi posturik garestienak zortzigarrena eta hamaikagarrena, 3.380 eurotan atera dituzte. Hala ere, zortzigarrena esleitu gabe gelditu da eta hamaikagarrena atera den prezio berean esleitu dute. Hamabigarren postuak bakarrik hobetu dute hasierako prezioa, 1.710 eurotik 2.640ra altxatuz. 1, 2, 8, 15, 16, 17 eta 18. postuak hutsean gelditu ziren eta gainerako postu guztiak hasierako prezioan eman dituzte.

Emandako 14 postuengatik gutienez 27.870 euro hartuko ditu Etxalarko Udalak. Esleitzen zituzten 21 postuak udalak aurreikusitako prezioan saldu izan balitu, 35.390 euro bilduko lituzke. Gogoratu behar da 2000. urtean 50.000 euro lortu zituela Etxalarko Udalak eta 2004an 81.875 euro.

Irailaren 11n, heldu den ortzirale eguerdiko 12etan bukatzen da sesteorako aukera (prezioaren seiren bat igo beharko litzateke gutienez) eta hutsean gelditutako 7 postuak eta sesteoan mejora izan dutenekin, berriz eginen da enkantea irailaren 15ean, asteartea, arratsaldeko 7etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun