Trini eta Jokin

«Erakusketara etortzen direnei lanak ulertzen laguntzen diegu»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 4a, 16:00
Beran dute euren sormen lanen erakusketa Trinidad Miquelarenak eta Jokin Armanek.

Trinidad MIQUELARENA eta Jokin ARMAN

Aurkeztu zeuen burua.
Senar-emazteak gara, ni irakaslea izana eta senarra ereile-teknikoa.

Zein da artearekin izan duzuen harremana?
Beti izan dugu zaletasun hori eta horrek lotu gaitu. Jokin, gaztetan, margotzen ibilia da, Oteiza eta Basterretxearekin ikasi du. Ni Ingalaterran izan nintzen denboran hasi nintzen marrazten...  

Nork irakatsi zizuen?
Nik, karrikatan ibiltzen diren artistei begituta, pastelaren oinarriak hartu nituen. Gero etxean zerbait ona lortu arte saiatzen nintzen... Jokin, berriz, larunbat eta igandetan aritzen zen, mendira joaten zen zuhaitzak margotzeko.  

Erretiroa hartuta zaletasunak toki handiagoa hartu du? 
Bai, urte hagitz emankorrak izan dira. Denbora horretan gure lanak Hondarribin erakutsi eta nire lehen liburua idatzi nuen: Hegan egiten ez zekien txantxangorria.

Noiz eta nola sortu zen Armi tailer museoan erakusketa egiteko ideia?
Covid-19agatik erakusketa batzuk bertan behera gelditu zirenez, etxean erakusteko aukera aztertzen hasi ginen.  

Zer da ikusleek ikusiko dutena?
Guk 30 urte hauetan egindako obra. Erakusten dena baino gehiago dagoen arren, hor erakusten da garai guzikoa: bertzeak bertze, naturari egiten zaion kalteari buruzko lanak eta harri- eskultura ttiki-ttikiak, hagitz politak.  

Zer dute Jokinen eskulturek bereizgarri? 
Azken garaiko eskulturak dira, hagitz bereziak eta sensibilitate handikoak.

Eta zure margolanek?
Figurak dira (amatasuna, gizonak, haurrak...) eta bizitzako egoerak sintetizatzen dituzte, minimalistak dira. 

Margotu eta marraztu egiten duzu, baina bide berriak probatzeko gogoa ere baduzu...
Sagarroi adoleszente baten egunerokoa liburua idazten ari naiz eta zortzi-hamar urteko umeendako ipuin batzuk ere idatzi ditut. 

Momentuz, zer harrera izan du erakusketak?
Oraindik ez dugu aunitz zabaldu baina inguruko jendea bertaratu da eta hagitz  kontent gelditu dira.

Nola animatuko zenituzkete ikusleak erakusketara?
Gure laguntzarekin obren erranahia ulertuko dutela eta gozatzeko aukera izanen dutela erranez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun