Hartutako neurriak berrikusteko eskatuz sinadura bilketa abiatu du Berako Ricardo Baroja eskolako irakasle talde batek

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 3a, 19:00
Ricardo Baroja eskolako irakasle talde batek «haurren bizi-premiak» kontuan hartzeko eskatu dio Hezkuntza Departamentuari.

Hezkuntza komunitateko kideak «haur eta gazteen behar psiko-emozionalak eta interesak babesteko» egin duten eskaerarekin bat egitera gonbidatu ditu.

Berako Ricardo Baroja eskolako irakasle talde batek «Covid-19a dela eta iragarritako neurriekiko desadostasuna» adierazi du. Euren ustez, Hezkuntza Departamentuak finkatutako arauak «ikuspuntu mediko-zientifikotik, gaixotasun horri buruzko ezagutzaren eta ikerketa berrienen emaitzen arabera justifika ezinak» dira eta «haurren bizi-beharrekiko eta oinarrizko eskubideekiko sentsibilitate falta» dute. 

Irakasle taldeak, bidalitako oharrean azpimarratu duenez, neurri horiek indarrean jartzeak «kutsatzeak berak baino ondorio kaltegarriagoak ekar ditzake». Izan ere, «haurrak ingurunearen ezaugarriekiko sentikorrak dira eta euren bizi-premiei erantzuten ez bazaie larriki kaltetuak izan litezke».

Jolasa «ezinbertzekoa»

Haurtzaroan garatzeko eta ikasteko jolasa «funtsezko elementua» dela adierazteko arrazoiak ere eman dituzte: «kontaktu fisikoa bermatzen duelako, garapen psikoemozional eta sexuala ahalbidetzen duelako, gaitasun sentsorial, motor eta emozionalak jorratzeko bide ematen duelako... baita tentsioak, beldurrak, antsietatea askatzen laguntzen duelako ere».

Ikasgelan eta kanpoan mugimenduak mugatzeak «irakaskuntza eduki intelektualak transmititzera» mugatuko luke. Horrek, halaber, «munduaren irudikapen propioa eraikitzeko oztopoak» ekar ditzakeela uste dute.

Haurren beharrak eta interesak lehentasun

Argi dute zein den lehentasuna: «haurren beharrak eta interesak». Eta horiek «babestu» behar direlakoan daude: «haurrak eskolatik atera ondotik bertze haurrekin jolasten arituko dira, euren beharrei irtenbide bat emateko... Ondorioz, eskola bizitza errealitatetik kanpo dagoen eta mugak bertzerik eskaintzen ez dizkion burbuila bihur daiteke».

Arrazoi horiengatik guztiengatik, irakasle taldeak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari «neurriak berrikusteko» eskatu dio eta ados dauden hezkuntza komunitateko kideei euren eskaerarekin bat egiteko gonbidapena luzatu diete: «ados bazaude sinatu eta zabaldu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun