«Gaixotasuna serioa da». Halaxe, argi eta garbi, mintzatu dira Gabriel Txoperena Altzugarai eta Kristina Etxebeste Azkarate Donostiako Ospitaleko Zainketa Berezien Unitatean (ZIU) lan egiten duten lesakarrak. Medikua da Txoperena, 31 urtez Donostia Ospitaleko ZIUn ari dena eta erizaina Etxebeste, aitzinetik Madril eta Iruñeko ospitaleetan ZIUn ibili ondotik, otsailaz geroztik Donostian ari dena. Covid-19a tarteko, «behin ere ezagutu ez dugun egoeran» lan egitea egokitu zaie, lehenbiziko lerroan egon dira, koronabirusak jota hagitz larri egon diren edo aitzinera atera ez diren pazienteekin lanean. Emozionalki zein fisikoki «gogorra» izan dela aitortu dute, «tentsio handiko uneak» izan dituztela eta «nekatuta» ibili direla. «Oraingo egoera kontrolatzen ez bada, arazoak izan daitezkeela» ohartarazi dute.
Osasun krisiak bat-batean harrapatu zintuzten?
Gabriel Txoperena: Txinatik etorritako albiste guztiak ez ziren zuzenak izan, eta horren adibide dugu, eritasun honek duen kutsakortasun mailaren inguruan zabaldutakoak. Donostian, hala ere, zortea izan genuen, honat ailegatu baino lehen Gasteizera eta Iruñera ailegatu zelako eta horrek neurriak hartzeko eta psikologikoki prestatzeko denbora eman zigulako.
Kristina Etxebeste: Hurbileko bertze ospitaleetako egoera ikusita, aitzineratzen hasi ginen: Norbera Babesteko Ekipamendua (NBE) nola paratzen eta kentzen den, gela barrenean nola ibili behar den, gelatik ateratzerakoan zein pauso eman behar diren... ikasten hasi ginen. Baina dena hagitz agudo joan zen eta segidan hasi ziren pazienteak etortzen. Zerbait berria zenez, egunero egokitu behar izaten genuen, oztopoei edo zailtasunei soluzioak bilatuz.
Zein neurri hartu zenituzten?
G. T.: Ez kutsatzeko neurri zorrotzak bete behar izan ditugu eta horrek lana moteldu eta lan bera egiteko osasun langile kopuru handiagoaren beharra sortu du. Aste hondar eta Aste Santuko egun guztietan lan egin behar izan genuen, eta opor eta baimen guztiak blokeatu zituzten.
K. E.: Laneko martxari dagokionez, gaixoarekin kontaktua izateko NBE erabiltzen hasi ginen eta lantokiko guneak ongi mugatu eta seinalatu genituen, bi eremu bereiziz: batetik, birusa duen gaixoaren boxa edo gela, babestuta sartzeko gunea, eta bertzetik, gune garbia edota birusarekin harremanik izan ez duen lekua. Horrez gain, gaixoaren gelan egin beharreko jardueren planifikazioa bertzelakoa izan da eta ezinbertzekoa egin zaigu ongi kudeatzea, langileok dugun birusarekiko esposizioa murrizteko eta ekipamendu aldetik genuen baliabide mugatuei ahalik eta etekin egokiena emateko.
«Momentu zailak izan dira eta egoera ez da erraza izan eta horrek lan karga hagitz handia sortu du»
Kristina ETXEBESTE, erizaina
Zein egoeratan aritu zarete lanean?
K. E.: Momentu zailak izan dira, batzuetan ospitaleratzeak bata bertzearen gibeletik ailegatu izan dira, larri zeuden pazienteak izan dira, momentu batetik bertzera aldi berean okerrera egin dute... Egoera ez da erraza izan, eta horrek lan karga hagitz handia sortu du. Zenbaitetan estresagarria izan da eta lasterka ibili behar izan dugu. Baina aldi berean, taldean lan egitea zeinen garrantzitsua den ikusi dugu. Erizain, mediku, garbitzaile, zeladore... ezinbertzekoa izan da denon arteko elkarlana eta denontzat ezezaguna izan den egoeran elkar laguntzea.
«Botiken %80 Txinan eta Indian egiten da, nahiz eta enpresak Europakoak diren»
Gabriel TXOPERENA, medikua
Baliabide faltarik izan duzue?
K. E.: Baliabideak mugatuak izan dira. NBE materiala, adibidez, batzuetan desinfektatu eta berrerabili behar izan dugu baina material aunitz ez dira berrerabilgarriak, eta erabilpena ongi kudeatu behar izan dugu. Deus xahutu gabe, dena beharrezkoa izan da.
G. T.: Arazo hori Europa guztian sumatu da. Azken urteetako kapitalismo basatiaren eta globalizazioaren erruz, lehen osasungintzako materialak –botikak, arropak, maskarak...– hemen ekoizten zituzten enpresak Asiara eraman zituzten. Asian, pandemia hemen baino lehen hedatu zenez, behar zuten materiala erabili zuten, eta ondorioz, hemen material guttirekin gelditu ginen eta gainera, garestiago saldu zuten. Deslokalizazioaren arazo larria izan da. Euskal Herrian zortea izan dugu, Zamudioko enpresa batek goi mailako materiala egiten segitzen zuelako, baina gertatu denarekin, ez ahal dute merkeagoa delako berriz produkzioa Txinara bideratuko. Guk eriak tratatzen ikasi dugu, baina espero dugu politikariek ere ikasi izana eta hausnarketa bat egitea behar-beharrezkoa den ekoizpena honat ekarriz. Adibide gisa, botiken %80 Txinan eta Indian egiten da, nahiz eta enpresak Europakoak diren. Eta ez naiz osasungintzako produktuez bakarrik ari, bizitzeko oinarrizkoa den guztia hemen ekoitzi beharko litzateke. Gainerakoan, ez dugu arnasa hartzeko gailuen faltarik izan, baina prentsan ikusi dugu, azken momentuan enpresak arnas-makinak egiten hasi direla eta ez direla erabilgarriak izan. Bertze arazoa osasun langileak kutsatu izana izan da. Guri ez zaigu kasu aunitzik tokatu, baina bertze ospitale eta adinekoen egoitzetan gertatu izan da eta langileek batetik bertzera mugitu behar izan dute.
Nola moldatu zarete Donostia Ospitalean?
G. T.: Donostia Ospitalean lehenbiziko bi kasuak otsailaren 28an ezagutu ziren eta ZIUn lehen eria martxoaren 11n izan genuen. ZIUn 60 bat eri inguru izan ditugu eta hilkortasun-tasa, gutti goiti-beheiti, %20koa izan da. Baina azpimarratu behar da batzuk bizirik atera diren arren, ondorio kronikoekin atera direla edo ZIUtik atera ondotik berriz itzuli behar izan direla, ondorio edo konplikazioengatik, gehienbat, arazo neurologikoekin, biriketakoekin eta enboliekin. Gaixotasuna serioa da. Donostiako Ospitaleko ZIUn 48 ohatze eta arnasa hartzeko makina ditugu. Baina anestesistekin elkarlanean, operazio- eta erreanimazio- geletako ohatzeak erabili behar izan ditugu Covid-19a zutenak eta ez zutenak artatzeko. Bertzalde, zentro pribatuko ZIUko ohatzeak publikoaren esku gelditu dira.
Kasu larriak izan dituzue?
G. T.: Bai. Batzuk asintomatikoak dira eta bertze batzuek gripearen antzeko sintoma arinak izaten dituzte: sukarra, zintzurreko mina, eztula, buruko eta giharretako mina, usaimenaren edo dastamenaren galera... Baina badira kasu larriak, eta horiek dira ZIUn bukatzen dutenak. Horien artean, batzuek pneumonia eta arnasa hartzeko arazoak izaten dituzte; bertzeek buruko edo sintoma neurologikoak: iktusa, epilepsia eta entzefalitisa. Bertze batzuei bihotza hazten zaie eta badira giltzurrunetako arazoak izaten dituztenak. Zainetako tronbosia eta biriketako enbolia kasuak ere aipatu behar dira, Txinako datuetan agertu ez direnak.
«ZIUtik hagitz ahul ateratzen dira»
Kristina ETXEBESTE, erizaina
Eriek nolako bilakaera izan dute?
K. E.: Aunitzetan, prozesu luze samarra izan da. Hasierako egoeran intubatuak egoten dira, sedatzeko eta erlaxatzeko medikazioarekin. Hobera egin ahala, arnasteko hodia kentzen zaienean ahul gelditzen dira. Autonomia berreskuratu arte denbora behar izaten dute eta errehabilitazio lan handia egin behar dute.
G. T.: ZIUn guttienez 20 egunetik goiti pasatzen dituzte, eta batzuk bi edo hiru hilabete.
«Tratamendurik hoberena prebentzioa da»
Gabriel TXOPERENA, medikua
Nolako ondorioak ikusi dituzue kasu positiboen artean?
G. T.: ZIUtik ateratzen direnak ahul ateratzen dira, eta batzuk ondorio larriekin: birikak gogortuak
edo fibrosatuak, arnasa hartzeko arazo kronikoekin, iktusaren ondotik elbarriak, usaimena eta dastamena galduarekin... Txertoa bidean dago baina oraindik ez dago tratamendurik, sintomak eta konplikazioak dira tratatzen direnak. Adibidez, arnasa hartzeko zailtasunak dituztenak makinari lotzen dira, baina horrek ez du sendatzen, bizirik mantendu baizik. Jende aunitz ari da txerto eraginkorraren bila lanean, baina bitartean, tratamendurik hoberena prebentzioa da, neurriak hartzea eta ez kutsatzea.
Zerk eragin dezake eritasunean?
G. T.: Adinak, bihotzeko, biriketako edo giltzurrunetako eritasuna izateak, diabetesak, tentsio altuak, loditasunak, minbiziak edota defentsak jausten dituzten eritasunak izateak edo botikak hartzeak eritasuna larriagotu dezakete. Adinari dagokionez, ZIUn ospitaleratu behar izan duten gehienak 70 eta 79 urte artekoak izan dira, baina 30 urtetik goitiko gazte batzuk ere larri ibili dira. Heriotza-tasari dagokionez, adinaren arabera arriskua handitzen da: 50-59 urte artean dituztenetan, hilkortasun-tasa %3,3koa izan da eta 80-89 urte bitartekoetan %20koa.
Hildako kopurua handia izan da...
G. T.: Bai. Hala ere, zaila da Covid-19aren ondorioz hil edo eritu direnen kontaketa eta herrialdeen arteko konparaketak egitea. Herrialde guztietan ez da PCR kopuru bera egiten, toki aunitzetan ospitaleetan hildakoak bakarrik kontatzen dituzte, etxeetan edo adinduen egoitzetan hildakoak kontuan izan gabe. Covid-19ak jota hil direnez gain, gaitzak infektatu gabe hil direnak ere kontuan hartu behar dira. Eri aunitz, beldurragatik, arazo larriekin etxean gelditu dira: bihotzekoak emanda, infekzioekin... Ospitalera beranduegi ailegatu dira. Ospitale aunitz eriz gainezkoa egon dira eta nahiz eta minbizia kasuak edo arazo larriak artatu diren, gaixo kroniko aunitzek ondorioak sufritu dituzte.
Batzuek hasieran negatibo eta gero positibo ematen dute eta alderantziz...
G. T.: PCR probek birusaren RNA edo kode genetikoa detektatzen dute eta honek momentuan birusa hor dagoen ala ez erakusten du. Test serologikoek, berriz, gorputzak sortutako defentsak edo antigorputzak detektatzen dituzte, birusarekin kontaktua izan dela erakutsiz, baina eritasuna sendatua izanda ere, positibo eman dezake. Sentsibilitate ttikiagoa dutenez, datu oker gehiago eman ditzakete. Bertzalde, kutsatu berria delako eta eriaren laginak birus kopuru gutti duelako gerta daiteke nahiz eta kutsatua izan, hasieran negatibo eta gero positibo ematea. Hortaz, positibo eman duenarekin kontaktua izan eta hasieran negatibo emateak ez du balio, berrogeialdia pasatu ondotik berriz PCRa egin behar da. Laginak gaizki hartzen diren kasuetan ere gerta daiteke. Eta alderantziz, batzuetan nahiz eta eritasuna gainditua izan, positibo atera daiteke, birus hilaren genomaren arrastoak gelditzen direlako.
Egoera nola ikusten duzue?
G. T.: Izugarrizko beldurra dugu jendea sobera lasai eta neurriak hartu gabe dabilelako. Adinekoak kontzientziatuak daude, baina gazteak eta ez horren gazteak guttiago. Uztailean agerraldi ttikiak eta ospitaleratze gutti batzuk izan ziren. Orain, ordea, kasu aunitz gehiago daude. Agerraldi handienak gaueko aisialdiarekin eta besta paraleloekin zerikusia dutenak dira eta kasu horietan zaila da segimendua egitea. Hala ere, egoera ez da martxokoa, PCR aunitz egin eta kontaktuak konfinatzen direlako. Orain kutsatutakoak gazteagoak dira, aunitz asintomatikoak, eta horregatik, oraingoz, Euskal Herriko ospitaleek ez dute gainezka egin. Baina egoera kontrolatzen ez bada eta adinekoak kutsatzen badira, arazoak izaten ahal ditugu. Felix Zubia lankideak Euskadi Irratian errandakoa hartuko nuke eredutzat: «Hagitz haserre eta etsita nago, ez dugulako deus ikasi. Badirudi debekua, isuna eta itxialdia bakarrik ulertzen ditugula».
K. E.: Norbere edo ingurukoen bizitza hurbiletik arriskuan ikusi dutenek ikasi dute baina gainerakoek...
«Esperientzia ezezaguna eta gogorra izan da»
Kristina ETXEBESTE, erizaina
Gogorra izan da?
K. E.: Lehenbiziko agerraldiko esperientziarekin lan dinamika aproposa zein den ikasi dugu, eta alde horretatik, prestatuagoak gaude. Baina ez dakit psikologikoki eta fisikoki prest gauden... Esperientzia berria, gogorra eta ezezaguna izan da. Fisikoki, NBErekin eta larritasun egoeran lan egitea ez da batere erosoa eta emozionalki ere ez da erraza izan. Pazienteekin izan ditugun egoera batzuk nahiko hunkigarriak izan dira.
G. T.: Nekatuak aritu gara, lo gaizki eginez... Ez dugu behin ere holako egoerarik ezagutu.
«Ikusteke dago neguan zer gertatzen den»
Gabriel TXOPERENA, medikua
Okerrena pasatu da?
G. T.: Espero dut pasatu izana, baina ziurtasun gutti dugu hori baieztatzeko. Neguan zer gertatuko den ere ikusteke dago, Covid-19a, gripea eta arnasbideko bertze birusak elkartzen direnean larritasuna handitzen ahal baita. Horregatik hagitz garrantzitsua da gripearen kontrako txertoa hartzea, bereziki arrisku taldeen artean. Eta hau guztia kontrolatzeko ezinbertzekoa da osasun sistema publiko indartsua izatea.
Txertoak hizpide izan dira...
G. T.: Txertoen aurkako kanpainak dira, jendeak atzendua baitu zer den txertorik ez hartzea. Txerto arruntek gaixotasunak eragiten dituztela erran izan da, baina gezurtatuak izan dira. Aldiz, ezaguna da txertoa hartua ez duen ume bati zer gerta dakiokeen polioarekin; elbarri geldituko da. Hori lehengo zaharrek ongi dakite, txertorik gabe zer gertatu izan den ikusi dutelako.
Covid-19a txertoen bidez zabaldu dela erraten duenik ere bada...
G. T.: Sare sozialetan astakeria handiak erran dira, baina aunitz dira gripearen txertorik gabe kutsatu direnak eta aski larri egon direnak. Laborategietan birusak sor daitezke, baina birologo prestigiotsuenek adierazi bezala, laborategietan eta naturalki sortutakoak zein diren bereiz daitezke eta Covid-19a naturalki sortua da.
Birusa hemen geldituko da?
G. T.: Denok immunitatea izan arte hemen geldituko da. Txertatutakoak eta immunizatutakoak %60ra ailegatzean birusari batetik bertzera pasatzea gehiago kostako zaio.
Mezurik luzatuko zenukete?
K. E.: Zentzuz jokatzeko eta neurriak errespetatzeko.
G. T.: Normaltasun berria deitu badute ere, ez da normaltasuna eta ezin gara lehen bezala ibili.