«Lesakan izan diren bisitari gehienak hirietatik lasaitasun bila etorriak dira»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 2a, 12:00

Lesakako turismo bulegoan ari da lanean Ane Berasain Goia.

Ane BERASAIN GOIA LESAKAKO TURISMO BULEGOKO LANGILEA

Ez dago herria eta ingurua bertakoek bezala ezagutzen duenik. Horregatik, noranahi joaten delarik, turismo bulegoetara jotzen du Ane Berasain Goiak (Bera, 1997): «tokian- tokiko interesguneei eta bertzelako berezitasunei –hizkuntza, ohiturak...– buruzko informazio hagitz baliagarria eskaintzen dutenez, ahal dudanean, joaten naiz».

Lan «aberasgarria»
Bulegoko mahaiaren bertze aldean, mapak banatu eta argibideak emanez pasatu du aurten uda. Izan ere, «Lesakako Udalak turismo bulegoan lan egiteko lanpostua atera zuela ikusita» azterketara aurkeztea erabaki zuen. Eta aukeratua izan zenez, hortxe dabil, bateko eta bertzeko turistekin lanean: «hagitz gustura ari naiz, lana aberasgarria dela iruditzen zaidalako». 
Lehendik lan horretan ibili ez denez, egoera berezi honetan turismo bulegoko martxan gertatu diren aldaketak ikusteko aukerarik ez du izan beratarrak. Dena den, bere esperientzia ardatz, «sanferminen ondotik herrian jende gehiago mugitzen hasi zela» gaineratu du. Itxura guztien arabera, «aurten behintzat» bisitariek lasaitasun bila jo dute eskualdera: «gehienak Euskal Herriko eta Espainiako hiri handietatik etorri dira».  

Bisitarien kezkak
Lasaitasunaz gozatu, erlaxatu eta txokoak ezagutzeko mugak argi dituzte eta alde horretatik birusak eragindako «kezka» sumatu duela kontatu digu Berasainek: «alde batetik, bisitatu nahi dituzten tokiak irekiak dauden eta, bertzetik, jende pilaketarik egonen den galdetzen dute».

Interesak aditu eta gomendatu
Horren aitzinean eta bidaiarien «eskakizunak kontuan hartuz» helarazi du informazioa orain artean: «beraien interesak zein diren galdetzen saiatzen naiz gomendio egokiak eman ahal izateko». Momentuz, «oinez eta bizikletaz ibiltzeko bideei buruzko nondik norakoak, naturarekin zerikusia duten aukerak» dira eman dituenak. 

Bortzirietatik kanpo jo nahi duenik ere izaten da eta azken horien artean, «gehienek Elizondora joan nahi izaten dutela» ikusi du: «Baztango trilogiak horretan eragina izan duela erranen nuke».

Interesak zeinahi direla ere, bulegoko ateak irekita izanen dira irailaren 30era arte eta laguntzeko prest izanen da turismo teknikaria, Interneten eta sare sozialetan aipatzen ez diren altxorrak ageriko egiteko. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun