Hizkuntzen kaleko erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztuko dituzte ortzirale honetan Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko abuztuaren 31

Joan den urtean Bortzirietan egindako hizkuntzen erabileraren kale-neurketako emaitzak aurkezteko saioa antolatu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Harriondoa kultur etxean egina dute hitzordua, ortziralean, irailaren 4an, 18:00etan. Osasun egoera dela eta, gehienez 20 lagunek parte hartzen ahalko dute eta joan nahi dutenek aitzinetik izena eman beharko dute.

Zertan da euskararen egoera Bortzirietan? Zein izan da bilakaera azken urteotan? Nolako emaitzak ditugu herriz herri? Eta adin taldeei zein generoari dagokionez? Badira aldeak? Eta emaitza horiei begiratuta, zertan eragin beharra dugu? Non daude indarguneak, non hutsuneak, zertan paratu lehentasunak? Galdera horiei eta bertze batzuei erantzuteko, aurkezpen saioa antolatu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak ortzirale honetan, irailak 4, Lesakako Harriondoa kultur etxean, 18:00etan.

Orduan aurkeztuko dituzte joan den urtean euskara mankomunitatearen eskariz egin zen hizkuntzen erabileraren kale-neurketako emaitzak. Mankomunitatea aspaldi hasi zen neurketa egiten eta iazkoa 13. neurketa izan zen. Adierazi dutenez, «bi berrikuntza nagusi» ekarri zituen 2019ko neurketak: «batetik euskara mankomunitateak Soziolinguistika Klusterrari eskatu zion neurketa egitea, Euskal Herriko kale-neurketez arduratzen den erakundeari. Bertzetik, neurketa orduak handituta, eskualde mailako datu adierazgarriak ez ezik, herriz herriko datuak ere eskuratu ziren, alegia, emaitza sendo eta fidagarriak». Hortik abiatuta, mankomunitateak «emaitzen gaineko gogoeta» eragin nahi du herritarren artean. 

Bildutako datuak aurkezteko ortziralean eginen duten saioa bi zatitan banatuko dute. Lehenbizikoan, Soziolingustika Klusterreko Maialen Iñarrak, Bortzirietako ikerketa zuzendu zuenak, emaitza nagusiak aletuko ditu, Bortzirietakoak, herriz herrikoak, adin taldeka, generoaren arabera... Bigarren zatian, taldeka, datuen gaineko irakurketa partekatua eginen dute. Osasun egoera dela eta, aurkezpenean gehienez 20 lagunek parte hartzen ahalko dute eta joatekotan aitzinetik jakinarazi beharko da: 948 63 41 25 telefonora deituz edo euskara@bortziriak.eus helbidera idatziz.

Euskara mankomunitatea bere bigarren plan estrategikoa ere prestatzen ari da, eta horretarako, hilaren 18an, gogoeta saio parte-hartzailea antolatu du Beran, 17:00etan hasita.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun