Irantzu Etxebeste beratarrak eta bere taldekideek irabazi dute Laboral Kutxa Master Cup Udako Torneoa

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 28a, 11:30
Bertzeak bertze, Iera Agirre leitzarrak eta Irantzu Etxebeste beratarrak parte hartu zuten finalean.

Reyes Azkoitiaren taldea osatzen duten Olatz Arrizabalaga, Nora Mendizabal eta Irantzu Etxebeste pilotariek irabazi dute Laboral Kutxa Udako Torneoaren lehenbizko edizioa. Mikel Inuntziagaren taldea osatzen duten Arrate Bergararen, Amaia Aldairen eta Iera Agirre leitzarraren aurka lehiatu ziren atzo Bizkaia pilotalekuan jokatutako final handian.

Laboral Kutxa Udako Torneoaren lehen edizioak baditu irabazleak. Reyes Azkoitiaren taldea izan zen atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan nabarmendu zena. Irantzu Etxebeste beratarrak, Olatz Arrizabalagak eta Nora Mendizabalek lortu zuten garaipena, 400 ikusletik goitiren aitzinean.

Final handia buruz buruko lehenbiziko lehiarekin hasi zen, entrenatzaileen arabera, «txapelaren norabidea erabaki zezakeen partidarekin». Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga izan ziren finalari hasiera emateko aukeratu zituzten pilotariak. Lehia parekatua espero zen arren, Arrizabalaga nagusitu zen. Aldairi sakez eta ezkerrez moztutako pilotakadez, min egin zion. Hala, 5-12 gailendu zitzaion.

Lehenbiziko puntua eskuratuta, finalak bideratuta zirudienean, Mikel Inuntziagaren taldeak buelta eman zioten. Iera Agirre leitzarra eta Arrate Bergara Irantzu Etxebeste beratarraren eta Nora Mendizabalaren kontra lehiatu ziren. Agirrek ez zien aukera handirik eman gazteei eta sakeekin eta erremateekin finala berdintzea lortu zuen. 12-3 irabazi zuten. Mendizabalen eskuko arazoak ez zituen lagun izan Reyes Azkoitiaren taldeak.

Azken neurketan erabaki zen dena. Inuntziagak Agirreren aldeko apustua egin zuen Arrizabalagari aitzin egiteko asmoz. Asmoak asmo hutsean gelditu ziren, gernikarra gailendu baitzitzaion leitzarrari (1-12). Emoziorik gabeko partidarekin itxi zen txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun