Toki Ona eta Kanttonberriko aparkaleku batzuk soilik beratarrentzat gordeko dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 27a, 07:30

Mugikortasun eta Trafikoko Udal Ordenantza berria indarrean sartu da Beran eta horren arabera, irailaren 1etik aitzinera Toki Ona eta Kanttonberriko aparkalekuetan berdez margotutako aparkalekuak beratarrentzat bakarrik izanen dira. Gu horietan bereizgarri berdea duten autoek bakarrik aparkatzen ahal izanen dute.

Berako Udalak adierazi duenez, ordenantzan adierazitako baldintzak betetzen dituzten herritarrek ondoko egunetan ibilgailuetan paratzeko pegatinak jasoko dituztela. Hala ere, irailaren 1erako bereizgarrien banaketa egina izanen ez dela ikusita, irailaren 30era arte «ekoitzapen epea» ezarri du udalak. Epe horretan bereizgarria behar bezala paratu beharko da eta jaso ez dutenek udaletxean eskatu beharko dute.

80 euroko isuna

Behin epea pasatuta, urriaren 1etik aitzinera, 80 euroko isuna paratuko zaie gune berdean bereizgarririk gabe aparkatzen dutenei, baita egoiliar bereizgarria aldatuta, iraungita edo erabileraz kanpo dutenei ere.

Horrekin batera, aparkatzeko arauak eta debekuak errespetatzeko eskatu du Berako Udalak eta oroitarazi du, «ezin dela aparkatu espaloietan, oinezkoen eta bertze pasabideetan, mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako aparkalekuetan beharrezko txartelik gabe, garraio publikorako lekuetan, zamalanetarako aparkalekuetan horretarako diren orduetan, bigarren lerroan, eta oro har, seinale bertikalekin eta horizontalekin (marra horia) debekatutako eremuetan».

«Gizalegegabeko jarrera horiek geldiarazteko beharrezko neurri guztiak» hartzeko prest agertu da Berako Udala, eta horren adibide, «isunak, grua...» aipatu ditu oharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun