Nafarroako ingude altxatze txapelketak eta III. mailako aizkora txapelketako finala larunbatean Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 26a, 07:30
Oier Larretxea eta Endika Goia Berako aizkolariak larunbatean hirugarren mailako finalean ariko dira.

Kirol hitzordu hirukoitza izanen da larunbat honetan Beran. Alde batetik, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko dute eta bertzetik, gizonezkoen eta emakumezkoen ingude altxatze txapelketak eginen dituzte.

Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako finalean hiru aizkolari ariko dira lehian, horien artean Oier Larretxea eta Endika Goia beratarrak. Ibai Soroa (Arribe) izanen da finaleko hirugarren aizkolaria. 45 ontzako bi enbor eta bertze bi kanaerdiko moztu beharko dituzte eta lehen bi aizkolariak mailaz igoko dira.

Nafarroako Emakumezkoen Ingude Altxatze Txapelketan bortz lagunek eman dute izena: Maika Ariztegi (Ituren), Virginia Finol (Iruñea), Irune Biurrun (Antsoain), Nerea Resa (Antsoain) eta Jenny Serrano (Iruñea). Bederatzi kiloko ingudearekin minutu eta erdiz ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dituzte.

Gizonezkoetan, berriz, bertze bortz parte-hartzaile izanen dira: Josetxo Urrutia (Leitza), Alex Fernandez (Iruñea), Imanol Martin (Berriozar), Angel Albarran (Guadalajara) eta Iosu Marturet (Antsoain). Kasu honetan, 18 kiloko ingudearekin minutu eta erdiko tartea izanen dute ahalik eta altxaldi gehien egiteko.

Eztegara pilotalekuan 17:00etan hasiko den herri kirol jaialdia Nerea Sorondo (Bera) eta Itxaso Onsaloren (Areso) aizkora erakustaldiarekin borobilduko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun