Manttale kirol udalekuak azken txanpan dira

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 25a, 16:00

Manttale mendi lasterketa taldeak aurten lehenbizikoz kirol udalekuak antolatu ditu. Hasieran uztailean bakarrik egiteko asmoa zuten arren, arrakasta ikusita, abuztuan segida eman diete. 

Lehenbiziko txandan, uztailaren 6tik 31ra bitarte, sei eta 12 urte bitarteko haurrentzako jarduerak prestatu zituzten. Guztira 55 haurrek eman zuten izena eta, 11 laguneko bortz taldetan banatuta, egunero kirol batean aritu ziren. Hori aitzinera eramateko, sei monitore aritu ziren: talde bakoitzarekin bana eta laguntzaile bat (zerbait gertatuz gero, erorketa, lesioa... horretaz arduratzeko).

Lehenbiziko eta hirugarren asteetan kirol berak egin zituzten eta bigarren eta laugarren asteetan bertze batzuk. Gainera, Manttale mendi lasterketa taldea izanik, mendira astero joan ziren. Uztailean frontoiko kirolak (esku pilota, frontenisa...), futbola, herri-kirolak, mendia, saskibaloia, atletismoa, eskubaloia, errugbia, oreka jolasak, beisbola eta bizikleta izan zituzten gozagarri. Batzuek kirol horiek lehenbizikoz probatu dituzte eta bertze batzuek hobe ezagutzeko aukera izan zuten. Horrez gain, bero egiten zuen egunetan mendiko eta herriko erreketan ibili ziren, freskatzen eta jostatzen.

Erantzun bikaina

Udalekuek izandako erantzuna ikusita, haur eta gurasoei proposamena luzatu eta abuztuan udalekuei segida eman diete. Oraingoan, 5 eta 12 urte bitartekoentzako eskaintza egin zuten. Bigarren txanda honetan 35 haur inguru apuntatu ziren eta lau taldetan banatuta ari dira. Kirol batzuk ere adatu dituzte: dantza, hockeya, patinak, badmintona... sartuz.

Birusak eragindako egoeraren ondorioz, hasiera nahiko arrotza izan zen: maskarak erabili, sukarra hartu, eskuak desinfektatu... Hala ere, hagitz ongi atera da dena eta antolatzaile eta haurrak «hagitz kontent» daudela adierazi dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun