Sorginxulo Lesakako Kultur Bilguneak, Udalaren laguntzarekin antolatutako udako kultur zikloaren barrenean izanen da antzerkia eta 22:00etan hasiko da. Berez, uztailean egitekoa zen baina arazo teknikoak tarteko gaur eginen dute azkenean.
Obrako pertsonaiak euren gorputzetara ailegatzeko bidaia da Matriuska. Ezarritako sisteman bizirauteko, beraien gorputzarekiko harremana etenda dute aspalditik eta, gaur, ikerkuntza honetan sakontzen hasi direnean, euren gorputzarekin eginen dute topo. Emakume gorputzarekin. Gorputz kolektibo batekin. Aitzineko emakume guztiek, belaunaldiz belaunaldi informazioz bete duten gorputz horrekin. Emakume isildu, sortzaile, indartsu, bortxatu, ausart, baztertu… guztiek osatzen dute euren gorputza. Ikusi eta sentituko dituzte beraien baitan, gainera.
Historiaren parte diren aitzineko emakume guztien gorputzak, izenak eta izanak berreskuratzeko beharraz hitz eginen du antzezlanak. Matriuska bi taldeen arteko elkarlanaren bigarren lana da. Aurretik Agur eta dolore egin baitzuten elkarrekin.