Kultur eta kirol ekitaldiak izan dituzte asteburuan Arantzan

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 17a, 13:09

Osasun egoerak eskatutako segurtasun neurriak hartuta, pilota partiduak, kantaldia, herri kirol saioa eta bertso saioa izan dituzte asteburuan Arantzan. Harrera ona izan dute udalak antolatutako ekitaldiek.

Ikusle kopurua mugatuta, musukoa soinean eta higiene neurriak hartuta egin dituzte ekitaldiak Arantzan. Larunbat arratsaldean bi pilota partidez gozatzeko aukera izan zuten pilotazaleek. Lehenbiziko lehian Arrizabalaga eta Aldai, Garai eta Mendizabalen aurka aritu ziren eta bigarrengoan, Ongai eta Arbizuk Alberdi eta Tabar izan zituzten kontrario. Ondotik emanaldi ederra egin zuten Bankako Menditarrek.

Igandeko hitzordua, berriz, herri kirol saioarekin hasi zen. Alvaro Zugarrando harri-altxatzailearen erakustaldiaz gain, bildutakoek Nafarroako 2. mailako aizkolari kanporaketarekin gozatzeko aukera izan zuten. Ondotik, Patxi Larretxea gai-jartzaile zela, Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza, Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsotan aritu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun