Irantzu Etxebeste beratarraren taldea Plazandreak txapelketako finalean egonen da

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 14a, 12:00

Bertze behin ere, Olatz Arrizabalaga erabakiorra izan da eta Reyes Azkoitiaren taldeak Plazandreak-Laboral Kutxa Udako torneoko finalerako sailkatu da. Gernikako pilotariak orain arte jokatutako buruz buruko zazpi partidak irabazi ditu eta puntu horiek balio handia dute halako txapelketa batean. Hori bai, Olatz Ruiz de Larramendik estutu zuen atzoko azkeneko partidan eta aurrelari bizkaitarrak bere jokorik onena atera behar izan zuen finalerako txartela eskuratzeko.

Gernikakoak berretsi du kaiolako partidetan gainontzekoak baino pausu bat aitzinerago dagoela eta oraingoz inork ezin izan du irabazi. Lehen partidan, saiatu da Naroa Agirre, zabalean pare bat tanto ere egin dizkio dejadaz, baina ezer gutxi egin ahal izan du aurrelari bizkaitarrak pilotari eman dion abiaduraren aurka (12-3).

Hala ere, Erlantz Garciaren taldeak ez du amorerik eman eta euren kalitatea aldarrikatu nahi izan dute. Lehen itzulian ez zuten punturik lortu eta atzo ere gauzak zail jarri zaizkie binakako partidan Irantzu Etxebeste beratarra eta Nora Mendizabal 10-6 aurreratu direnean, baina Andrea Aldaregiak eta Olatz Ruiz de Larramendik hortzak estutu eta sekulako buelta eman diote markagailuari eta 6-0eko partzial batekin kanporaketa berdindu dute 10-12.

Gauzak horrela, dena azken partidan erabaki da. Binakako partidan hartutako konfiantzarekin, Erlantz Garciak Maite Ruiz de Larramandiri eman dio lehia erabakiorra jokatzeko aukera eta Eulateko atzelariak asko estutu du Olatz Arrizabalaga. Kolpe biziko pilotaria da nafarra eta gauzak oso zail ipini dizkio, batez ere partidaren lehen hiru laurdenetan. Gauzak erabat orekatuak joan dira 7-6ekora arte, baina azken txanpan bizkaitarra askoz egokiago aritu da eta finalerako txartela eman dio Reyes Azkoitiaren taldeari (12-7). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun