Izan ez diren Sanferminetako kartel eta portada lehiaketako irabazleak jakinarazi ditu Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 13a, 14:00
Ezker-eskuin, aurtengo ez-sanferminetako kartel, azal eta gibeleko azal irabazleak.

Herriko Etxetik egun horietan deus antolatu ez dutenei eta jarrera eredugarria izan duten lesakar guztiei ere eskerrak eman dizkiete

Lesakako Udalak gutun baten bidez eskertu nahi izan ditu aurten besta garaia izan behar zenean, denon artean adostu bezala, deus ez antolatu dutenei eta jarrera eredugarria izan zuten lesakar guztiei.

Izan ere, 2020ko Sanferminak, «izan ez ziren bestak bezala oroituko ditugu beti. Inoiz pentsatuko ez genuena gertatu zen: ekitaldi guziak bertan behera utzi behar izatea, kanpoko jendea ez etortzeko eskaerak egi behar izatea…». Momentu zailak izan ziren eta erabakiak hartzeko unean, «Herriko Etxetik argi genuen lesakarren Osasuna bermatzea lehentasunezkoa zela». Beraz, herriko ostatu, komertzio, alojamendu eta kirol eta kultur eragileekin bildu eta denen artean adostutako erabakia hartu zituzten.

Hilabete bat pasa ondoren, gaur egun herriko osasun egoera ikusita eta «COVID-19ak gure herriko bestatan eraginik eduki ez duela ikusirik, udaletik eskerrak ematea bertzerik ez zaigu geratzen. Eskerrak eman nahi dizkizuegu aurtengo bestatan, denon artean adostu genuen bezala, deus antolatu ez duzuenei». Aldi berean, Herriko Etxetik eskerrak eman nahi dizkiete «ardura, jarrera eredugarria eta errespetua eduki duzuen lesakar guztiei. Denok nahi izanen genituen urteroko bestak bizitu ahal izatea, baina aurten elkar zaintzea tokatu zaigu, hori baita garrantzitsuena».

Dena dela, bizi dugun egoera ez da bukatu eta denon ardura izaten jarraitzen duenez, elkar zaintzen jarraitu behar dugula oroitarazi dute Herriko Etxetik.

 

Kartel eta programaren azal eta gibeleko azal lehiaketak

Nahiz eta bestarik ez izan, bestetako kartel eta programaren azal eta gibeleko azal lehiaketak deitu zituen Lesakako Udalak eta horien irabazleak jakinarazi ditu. Kartel lehiaketaren irabazlea Maider Etxandi Almandoz izan da, ‘Etorri den bezala joan’ lanarekin. 250 euroko erosketa txartela eskuratuko du. Azal lehiaketa, Matixa Oteiza Goienetxek eta Itsaso Alcalde Etxeparek elkarlanean egindako ‘Kolore Biziak, Kolore Guztiak’ lanak irabazi du (250 euroko erosketa-txartela) eta gibeleko azalaren lehiaketa, Izaro Ugaldebere Zubizarretaren ‘Plaza’ lanak (100 euroko erosketa-txartela). Honetaz gain, aurten lan irabazleak koadro batean sartu eta udaletxean eskegiko dituzte eta irabazleei ere ale bana emanen zaie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun