Irakurketa-idazketa garatzeko arazoak dituzten haurren inguruko udako ikastaroa antolatu du EHUk Lesakan irailaren 18an eta 19an

Ttipi-Ttapa 2020ko abu. 12a, 20:00
Euskal Herriko Unibertsitateak joan den urtean Lesakan antolatu zuen ikastaroko partaideetako batzuk, zuzendari den Belen Compains pediatra erdian dutela.

‘Irakurketa-idazketa garatzeko arazoak haur euskaldun elebidun edo eleaniztunengan. Noiz eta nola esku hartu’ goiburupean udako ikastaroa antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateak Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, irailaren 18an eta 19an. Antolaketan lagundu dute Bortzirietako Guztiok elkarteak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Elebilabek eta Lesakako Udalak. Ikasle, irakasle, profesional eta publiko orokorrari zuzendutako jarduera izanen da eta 20 orduko balio akademikoa dauka. Ikastaroa gaztelaniaz emanen dute, baina nahi duten ikasleek euskaraz esku hartu ahal izanen dute. Izen-ematea

Irailaren 18an, 16:00etan hasiko dira erregistroa eta dokumentazio-banaketarekin. Ondotik, jardueraren zuzendari den Belen Compains Beaumont Osasunbideako pediatrak eginen du aurkezpena. Ondotik, “Bases neurobiológicas de la adquisición de la lectoescritura. Estudios en niñas y niños bilingües euskara castellano’ solasaldia eskainiko du Joana Acha Morxillo, UPV/EHUko irakasle-ikerlariak.

Geldiune baten ondotik, 18:00etan, ‘Trabajando los problemas del desarrollo del lenguaje oral y escrito en la escuela” mahai-inguruan ariko dira Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuko Fernando Senosioain Mikelez, Rebeca Campo Balduz eta Maria Teresa Muñoz Porras irakasleak eta Maria Isabel Soto Eneritz eskola-orientatzailea.

 

Irailaren 19an, bigarren egunean, hizlari adituen laguntzaz, gaiari lotutako hainbat alderdi landuko dituzte. Jardunaldia bukatzeko, esku hartze tailer praktiko bat eginen dute. 09:00etan ‘El punto de vista funcional comunicativo y la secuencia didáctica para la alfabetización en contextos bilingües’ solasaldia eskainiko du Agurtzane Lauzirika Zugazaga, Begoñako Andra Mari Magisteritzako Unibertsitate-Eskolako irakasle-ikerlariak. Ondotik, neuropediatriaz eta ikasteko arazoetaz ariko dira. Geldiune baten ondotik, 12:00etan, “Aspectos psicosociales ligados a los trastornos de adquisición del lenguaje’ solasaldia eskainiko du Jolaskideko Leyre Cano Chocarrok. Lan-bazkaria eginen dute eta arratsaldean, 15:00etan hasita, ‘Intervención de los trastornos de aprendizaje en el entorno familiar’ tailerra eginen dute, Arantza Elguezabal Biain, Dislegiko orientatzaileak gidatuta. 17:00etan sintesia egiteko bilera eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun